229

Ez dugu guk eraikitzen karitatea; berak hartzen gaitu Jainkoaren graziaz: Berak maitatu baikintuen lehenik17. Komeni da egia eder honetaz ongi jabetuta egon gaitezen: Jainkoak maite izan gaituelako maite dezakegu Jainkoa18. Zu eta ni ingurukoei maitasuna esku-beteka emateko gai gara, Aitaren maitasunari esker sinesmenean jaioak garelako. Eska iezaiozue ausarki Jaunari altxor hau, Karitatearen naturaz gaindiko bertute hau, azken ondoretaraino erabiltzeko.

Kristauek maiz ez dugu jakin erantzun onik ematen dohain honi ; batzuetan beheratu egin dugu, limosna batera bakarrik mugatuko balitz bezala, bihotzik gabea, hotza; edo ohiko benefizentzia jarduera arautu batera murriztu dugu. Ederki azaltzen zuen zuzengabekeria hori gaixo baten kexa etsiak: hemen karitatez tratatzen naute, baina nire amak maitasunez zaintzen ninduen. Kristoren Bihotzetik sortzen den maitasunak ezin du lekurik eman halako bereizketei.

Egia hau ongi sar zekizuen buruan, modu grafikoan, mila aldiz predikatu izan dut ez dugula bihotz bat Jainkoa maitatzeko eta beste bat gizakiak maitatzeko: gure haragizko bihotz gaixo honek, giza maitasunez maite du; baina Kristoren maitasunari batua baldin badago, naturaz gaindikoa da ere. Hori da, eta ez besterik, ariman landu behar dugun maitasuna, besteengan Gure Jaunaren irudia aurkitzera eramango gaituena.

Oharrak
17

1 Jn IV, 10.

18

Origenes, Comentarii in Epistolam ad Romanos, IV, 9 (PG 14, 997).

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean