230

Maitasunaren unibertsaltasuna

Lagun hurko izena, dio S. Leon Handiak, ez diogu eman behar adiskidetasunaren edo ahaidetasunaren bidez lotuta gaudenei bakarrik, baizik eta gizaki guztiei, denok izaera berdina baitugu… Egile bakar batek egin gaitu, Egile bakar batek eman digu arima. Denok zeru beraz eta aire beraz gozatzen dugu, egun eta gau berberaz, eta, nahiz batzuk onak eta besteak gaiztoak izan, batzuk zuzenak eta besteak zuzengabeak, Jainkoa, berriz, eskuzabal eta onbera da denekin19.

Jainkoaren seme-alabok agindu berri hori praktikatuz lantzen dugu geure burua, zerbitzatzen eta zerbitzatuak ez izaten ikasten dugu Elizan20, eta gizadia modu berri batez maitatzeko indarrez beteta sentitzen gara, denek Kristoren graziaren fruitu bezala ohartaraziko duten modua. Gure maitasuna ez da sentimenduzko jarrera batekin nahasten, ezta adiskidantza hutsarekin, ezta ere besteei laguntzera eramaten gaituen gogo ez oso garbiarekin, geure buruari agertu nahi baitiogu haien gainetik gaudela. Maitasuna lagun hurkoarekin elkar bizitzea da, gizaki bakoitzarengan dagoen Kristoren irudia gurtzea –berriro diot–, berak ere horrela ikus dezan saiatuz, Kristorengana zuzentzen jakin dezan.

Maitasunaren unibertsaltasunak, beraz, apostolutzaren unibertsaltasuna esan nahi du; gure aldetik, egintzez eta benetan, Jainkoaren gogo bizia,– gizaki guztiak salbatu eta egia ezagutzera hel daitezen nahi du21– itzultzen duena.

Etsaiak ere maite behar badira –etsaien artean jartzen gaituztenez ari naiz: ni ez naiz inoren ez ezeren etsai sentitzen– are eta arrazoi handiagoz maitatu beharko dira urrun direnak soilik, hain begiko ez ditugunak, beren hizkuntza, kultura edo heziketagatik zu edo ni ez bezalakoak diruditenak.

Oharrak
19

S. Leon Handia, Sermo XII, II (PL 54, 170).

20

Ik. Mt XX, 28.

21

1 Tm, II, 4.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean