228
Ez al dizue bihotz ukitzen nola erabiltzen duen San Joan Apostoluak, agure dagoeneko, bere gutun baten zati handiena Jainko ikasbide horren arabera jardun gaitezen aholkatzeko? Kristauen arteko maitasuna Jainkoagandik sortzen da, Bera baita Maitasuna. Ene maiteok, maita dezagun elkar, maitasuna Jainkoarengandik baitator, eta maite duen oro Jainkoarengandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa. Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita14. Senideen arteko maitasunean luzatzen da, Kristorengatik Jainkoaren seme-alabak eginak izan baikara: Begira zer-nolako maitasuna izan digun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara15.
Eta gure kontzientziak kolpatzen dituen bitartean Jainkoaren graziaren aurrean sentiberagoak bihur daitezen, gizakienganako Aitaren maitasunaren froga zoragarri bat jaso dugula azpimarratzen du: hara nola agertu den Jainkoaren gureganako maitasuna: Jainkoak bere Seme bakarra mundura bidali zuen, beronen bidez bizia izan dezagun16. Jaunak aurrea hartu zuen, gure bidera etorrita. Eredu izan zen guretzat, Berarekin batera besteei zerbitzatzera joan gaitezen, gure bihotza lurrean eskuzabal jar dezagun –behin eta berriz esatea maite dut– besteen oinak lur biguna zapal dezaten, eta atseginago gerta dakien borroka. Horrela jokatu behar dugu, Aita beraren seme-alabak eginak izan baikara, bere Seme maitea guri eskaintzeko zalantzarik izan ez zuen Aita horrenak.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/228/ (2026-11-07)