236
Bide bakarra
Ongi jabetuta gaude maitasunak ez duela zerikusirik batzuetan kristau bizitzaren bertute nagusia azaltzeko marraztu nahi izan den karikaturarekin. Orduan, zergatik etengabe predikatzeko eskakizun hori? Beharrezko gaia bezala sortzen da, baina egintza zehatzetan agertzeko aukera gutxirekin?
Gure ingurura begiratuko bagenu, agian maitasuna ametsezko bertutea dela pentsatzeko arrazoiak aurkituko genituzke. Baina naturaz gaindiko zentzuz ikusita gauzak, antzutasun horren sustraia ere aurkituko duzu: Jesu Kristo Gure Jaunarekin etengabeko harreman bizi eta esturik ez izatea; eta Espiritu Santuaren lana ariman ez ezagutzea, haren lehen fruitua, hain zuzen ere, maitasuna baita.
Apostoluaren aholku batzuk jasoz –lagundu batak besteari elkarren zamak eramaten, horrela beteko baituzue Kristoren legea32– hauxe eransten du Elizaren Guraso batek: Kristo maitatuz, erraz eramango dugu besteen ahultasuna, baita oraindik maite ez dugunarena ere, ez baitira onak bere egintzak33.
Hortik goratzen da karitatean hazarazten gaituen bidea. Aurretik gizaldeko egintzetan edota sorospen lanetan jardun behar dugula bururatuko balitzaigu, Jaunarenganako maitasuna alde batera utzita, okerrean ginateke. Ez gaitezen Kristoz ahaztu lagun hurko gaixoaren arduragatik, gaixoa Kristorengatik maite behar baitugu34.
Begira beti Jesusi –Jainko izaera utzi gabe, beheratu egin zen, morroi itxura hartuz35, gu zerbitzatzearren–, merezi duten grinak norabide horretatik bakarrik irekitzen baitira. Maitasunak elkartasuna bilatzen du, maite den pertsonarekin bat egitea: eta Kristorekin bat egitean, haren opari bizitzaren, haren neurrigabeko maitasunaren, haren heriotzarainoko buru ukatzearen pausoei jarraitzeko gogo bizia sentituko dugu. Kristok behin betiko dilemaren aurrean jartzen gaitu: norberaren bizitza berekoikerian eta bakardadean xahutzea, edo gure indar guztiaz zerbitzapen lanetan ematea.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/236/ (2026-11-07)