225

Jainkozko pedagogia

Etsaia ez gorrotatzea, gaiztakeria gaiztakeriaz ez erantzutea, mendekuari uko egitea, arrangurarik gabe barkatzea ohi ez bezalako jarduera, gehiegizko heroitasuna eta normaltasunetik kanpo zela irizten zioten orduan –baita orain ere, ez pentsa–. Horretaraino heltzen da gizakien zikoizkeria. Jesu Kristok, mundu guztia salbatzera etorri eta kristauak bere egintza salbatzaileari lotu nahi izan dituenez, maitasun handi, zinezko, jatorragoa eta baliotsuagoa erakutsi nahi izan zien bere ikasleei –zuri eta niri–: Kristok gutako bakoitza maite duen bezala maite behar dugu elkar. Horrela bakarrik, jainkozko eran jarduten saiatuz –norberak bere zakartasunean–, gizaki guztiei gure bihotza zabaltzea lortuko dugu, modu bikainagoz maitatzea, guztiz berria den modu batez.

Zein ederki bizi izan zuten lehen kristauek karitate sutsu hau. Gizakien solidaritate hutsaren edota izaeraren onberatasunaren tontorren gainetik gailentzen zen neurririk gabe. Gozoki eta sendo maite zuten elkar, Jesusen Bihotzarengandik. Bigarren mendeko idazle batek, Tertulianok, orduko fededunen giza eta naturaz gaineko jarduera erakargarria ikusiz hunkituta geratzen ziren jentilen esate bat igorri digu: ikusi nola maite duten elkar11, zioten behin eta berriz.

Zuk, orain edo egunean zehar, hainbeste xehetasunetan, gorespen hori merezi ez duzula nabaritzen baduzu; zure bihotzak ez duela behar lukeen bezala erantzuten Jainkoaren eskaerei, pentsa esazu ere zuzentzeko ordua iritsi zaizula. Kasu egin San Pauloren gonbidapenari: egin diezaiegun guztiei on, batez ere fedean senide ditugunei12, Kristoren Gorputz Mistikoari.

Oharrak
11

Tertuliano, Apologeticus, XXXIX (PL 1, 471).

12

Ga VI, 10.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean