24
Bizia aukeratu
Eskerronez, nolako zorionera deituak izan garen sumatzen baitugu, Jainkoak izaki guztiak ezerezetik atera dituela, eta Jainkoarentzat atera, ikasi dugu: alde batetik adimendunak, gizakiak, nahiz eta hain sarri adimena galtzen dugun; eta adimengabeak, lur gainean korrika dabiltzanak, edo munduaren erraietan bizi direnak, edota zeruaren urdina zeharkatzen dutenak, hauetako batzuk eguzkiari begiz begi so egiteraino. Baina aniztasun zoragarri honen barruan, gizakiok gara –ez naiz hemen aingeruez ari–, gure askatasuna erabiliz, Egilearekin bat egiten garen bakarrak: Jaunari eman edo uka diezaiokegu diren guztien Egileari dagokion aintza.
Aukera horrek osatzen ditu giza askatasunaren argi-itzalak. Jaunak ongia aukeratzera deitzen eta bultzatzen gaitu –bihotzez maite gaituelako!–. Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bizia eta zoriona, heriotza eta zoritxarra. Baldin eta gaur nik ematen dizkizuedan Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aginduak onartzen badituzue, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz, berari jarraituz eta beraren agindu, lege eta erabakiak betez, biziko zarete... Aukeratu bizia, bizi zaitezen5.
Galde egiozu zeure buruari –ni ere neure kontzientzia azterketa egiten ari naiz– zure Bizi hautaketari aldaerarik gabe eta irmo eusten diozun. Jainkoaren ahots maitagarria entzutean, santutasunera bultzatzen zaituen hori, askatasun osoz baietz erantzuten al diozu? Begira diezaiogun gure Jesusi Palestinako hiri eta landetan jendeari hitz egiten zionean. Ez du bere burua inposatu nahi. Guztiz ona izan nahi baduzu...6 esaten dio gazte aberatsari. Mutil hark deiari uko egin zion eta Ebanjelioak dio triste alde egin zuela, abiit tristis7. Horregatik noizbait ave triste, hegazti tristea, deitu izan diot noizbait: alaitasuna galdu zuen, Jainkoari bere askatasuna eman nahi izan ez ziolako.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/24/ (2026-11-07)