31

Baina, galdetuko didazue, bihotz-bihotzez maite duguna iristen dugunean, ez dugu bilatzen jarraituko: desagertu al da askatasuna? Orduan, egon ziur, inoiz baino eraginkorragoa da, maitasunak ez baitu aski ohikeriaz betetzearekin eta ez dator bat asperkeria edo geldotasunarekin. Maitatzeak esan nahi du egunero zerbitzatzen hastea, maitasunezko egintzen bidez.

Berriz ere esaten dizuet, eta suaz grabatu nahi nuke bakoitzarengan: askatasuna eta norberaren eskaintza ez dira kontrajartzen: elkarri eusten diote. Askatasuna maitasunez bakarrik eskain daiteke, ez zait bururatzen bestelako eskuzabaltasunik. Ez da, ez, gutxi gorabehera, hitz joko egoki bat. Norbera bere borondatez eskaintzen den une bakoitzean, askatasunak maitasuna berritu egiten du, eta bihotz-berritzea beti gazte eta eskuzabal izatea da, ideal handiak izateko eta sakrifizio handiak egiteko gauza. Gogoan daukat poz handia hartu nuela portugesez gazteei os novos deitzen zaiela jakin nuenean. Horixe dira. Urte ugari bete ditudalako kontatzen dizuet pasadizo hau, baina aldarearen aurrean nire gaztetasuna pozten duen Jainkoari28 esatean, oso gazte sentitzen naiz eta badakit ez dudala inoiz uste izango zahartu naizenik; nire Jainkoari leial izaten jarraitzen badut, Maitasunak beti biziberrituko bainau: nire gaztaroa, arranoarena bezala, berrituko da29.

Askatasuna maite dugulako lotzen gara. Harrokeriak bakarrik leporatzen die lotura horiei katearen pisua. Bihotzez otzan eta apala den Hark erakusten digun egiazko umiltasunak adierazten digu, bere uztarria leuna dela eta bere zama arina30: uztarria askatasuna da; uztarria, maitasuna; uztarria, batasuna; uztarria, bizia, Berak Gurutzean irabazi ziguna.

Oharrak
28

Sal XLII, 4.

29

Ik. Sal CII, 5.

30

Ik. Mt XI, 29-30.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean