38

Berriz esaten dizuet: ez dut onartzen beste morrontzarik Jainkoaren Maitasunarena baino. Zeren eta erlijioa, bestetan azaldu izan dizuedan bezala, gizakiaren asaldatzerik handiena baita, ez duelako onartzen piztien gisa bizitzea, ez delako konformatzen –ez da lasaitzen– Egilea tratatzen eta ezagutzen ez badu. Asaldatzaile nahi zaituztet, inolako loturarik gabe, Jainkoaren seme-alabak nahi zaituztedalako –Kristok nahi gaitu!–. Morrontza edo jainkozko seme-alabatasuna: horra hor gure bizitzaren dilema. Jainkoaren seme-alabak ala harrokeriaren, sentsualitatearen morroiak, hainbeste arima itotzeko zorian dauzkan berekoikeria larri horren esklabo.

Jainko Maitasunak egiaren, zuzentasunaren, ongiaren bidea erakusten digu. Jaunari zuretzat nire askatasuna esatera erabaki genuenean, garrantzi gutxiko gauzei, kezka barregarriei eta asmo zekenei lotzen gintuen kate guztiak hautsita zeudela sentitu genuen. Eta askatasuna –altxor neurrigabea, perla zoragarria, piztiei botatzea penagarria litzatekeena46– on egiten ikasteko erabiltzen da oso-osorik47.

Hauxe da Jainko seme-alaben askatasun aintzatsua. Beren jardueran uzkurtu, kikildu edo bekaizkeriaz betetzen diren kristauek Jainkoaren Hitza onartu ez dutenen galdukeriaren aurrean, gure fedearen ideia kaskarra daukatela agertuko lukete. Kristoren Legea benetan betetzen badugu –betetzen ahalegintzen bagara, ez baitugu beti lortuko–, gure espiritua adore zoragarri batez hornitua dagoela ikusiko dugu, giza duintasun betearen zentzua beste nonbait bilatu behar ez duena.

Gure fedea ez da zama bat, ezta muga bat ere. Inork hori pentsatuko balu, a zer irudi kaskarra agertuko luke kristau egiari buruz horrela arrazoituko lukeenak! Jainkoaren alde erabakitzean ez dugu ezer galtzen, dena irabazten dugu: bere arimaren kontura bere bizia gorde nahi duenak, galdu egingo du; eta bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, aurkitu egingo du48.

Karta irabazlea atera dugu, lehenengo saria. Zerbaitek hau garbi ikusten galarazten badigu, azter dezagun gure arimaren barrua: agian, sinesmen eskasa dugu, harreman gutxi Jainkoarekin, otoitz bizitza urria. Jaunari eskatu behar diogu –bere eta gure Ama denaren bitartez– bere maitasuna handitu eta bere presentziaren gozotasuna dastarazi diezagula; maitatzen denean bakarrik iristen baita askatasun osora: gure maitasunaren helburua inoiz utzi nahi ez izatera, betiren betiko.

Oharrak
46

Ik. Mt VII, 6.

47

Ik. Is I, 17.

48

Mt X, 39.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean