25

Gogora ezazue orain San Gabriel Goiangeruak Santa Mariari Jainkoaren erabakia iragartzen dion une ezin ederrago hura. Gure Amak entzun eta, Jainkoak eskatzen diona hobeto ulertzearren, galde egiten du; gero, erantzun irmoa: fiat!8 –gerta bekit zuk esan bezala!–, askatasunik onenaren fruitua: Jainkoaren alde erabakia hartzea.

Gure fede katolikoaren misterio guztietan agertzen da askatasunaren gorespen hori. Hirutasun Santuak ezerezetik sortzen ditu mundua eta gizakia, maitasunezko askatasunez. Hitza Zerutik jaisten da eta gure haragia hartzen du, mendetasunean askatasunaren ezaugarri bikaina daraman ekintza: hona hemen ni, ene Jainko, liburuaren hasieran idatzita dagoen bezala, zure Nahia, egin dezadan9. Bekatuaren mendetasunetik gizadia askatzeko Jainkoak markatutako ordua heltzen denean, Getsemanin ikusten dugu Jesu Kristo, neke-oinazeak jasanez odola izerditzeraino10, Aitak eskatzen dion oparia bere gogoz, utziera betean, onartuz: hiltzera daramaten arkumea bezala, moztaileen aurrean isilik dagoen ardia bezala11. Esana zuen jada beretarrei, bere Bihotza iraultzen zuen haietako elkarrizketa batean, maite dutenek jakin dezaten bera dela Bidea –ez dago besterik– Aitarengana hurbiltzeko: horregatik maite nau Aitak, neure bizia ematen dudalako eta horrela eskuratzen berriro. Ez dit bizia inork kentzen, baizik eta nik neurez ematen dut. Neure esku dut ematea, eta neure esku berriro hartzea12.

Oharrak
8

Lk I, 38.

9

Heb X, 7.

10

Ik. Lk XXII, 44.

11

Is LIII, 7.

12

Jn X, 17-18.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean