23
Askotan gogoratu dizuet Ebanjelioak kontatzen digun eszena hunkigarri hura: Jesus Pedroren txalupan dago, handik jendetzari hitz egin ondoren. Jarraitzen dion jendetza horrek bere Bihotza erretzen duen arimen irrika astindu du, eta ikasleek bere irrika horretan parte har dezaten nahi du jainkozko Maisuak. Itsas zabalera jotzeko haiei esan ondoren –duc in altum!1– Pedrori aditzera ematen dio bota ditzala sareak arrantzarako.
Ez naiz orain une haietako xehetasun hain erakusgarrietan geldituko. Mirariaren aurrean, Apostoluen Printzearen erantzuna kontuan har dezagun nahi dut: alde niregandik, Jauna, bekataria naiz eta2. Guztion egoera pertsonalari oso ondo dagokion egia da hau, zalantzarik gabe. Baina, benetan diotsuet, nire bizitzaren zehar, giza eskuen bidez egindako graziaren hainbeste mirari topatu ondoren, egunetik egunera joera handiagoa sentitzen dut honela oihu egiteko: Jauna, ez zaitez nigandik aldendu, Zu gabe ezin baitut ezer onik egin.
Hain zuzen ere, horregatik ulertzen ditut hain ongi askatasunari egindako goratzarre zoragarri baten gisa entzuten diren Hiponako Gotzainaren hitz haiek: zu gabe sortu zintuenak, ez zaitu zeu gabe salbatuko3, gutako bakoitzak, zuk eta nik, beti baitaukagu Jainkoaren aurka altxatzeko, hura arbuiatzeko aukera –zorigaitz penagarria–, agian gure jardueraren bidez, edo ez dugu hori errege nahi4 esanez.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/23/ (2026-11-07)