37
Afarira gonbidatuen parabolan, etxeko nagusiak, festara joan behar luketen batzuek zentzurik gabeko aitzakiak jarrita desenkusatu direla jakin ondoren, hauxe agintzen dio zerbitzariari: Zoaz bide eta barrutietara, eta sarrarazi itzazu43 –compelle intrare– han bilatzen dituzunak. Ez al da hau bortxakeria? Ez al da kontzientzia bakoitzaren bidezko askatasunaren aurka indarkeria erabiltzea?
Ebanjelioa hausnartzen badugu eta Jesusen irakatsiak poliki aztertzen, ez ditugu indarkeriarekin nahastuko agindu hauek. Ikusi nola iradokitzen duen beti Kristok: guztiz ona izan nahi baduzu..., nire ondoren etorri nahi duenak... Compelle intrare horretan ez dago inolako indarkeriarik, ez fisikoa ezta morala: bere jardueran Jainkoaren indarra agertzen duen kristau ereduaren kemena adierazten du: ikusi Aitak nola erakartzen duen:irakatsiz atsegin ematen du, ez beharra ezarriz. Horrela erakartzen du beregana44.
Askatasun giro horretan gaudenean, erraz ulertzen dugu gaizki jardutea ez dela askatasuna, morrontza baizik. Jainkoaren aurka bekatu egiten duenak bere aukeramena gordetzen du noski, behartzeko askatasunari dagokionez; galdu egiten du bestalde, erru-askatasunari dagokionez45. Agian, bere lehentasunen arabera jokatu duela esango du, baina ez du lortuko egiazko askatasunaren hitzak ahoskatzea, berak erabaki duenaren morroi bihurtu baita; eta alderik txarrena aukeratu du, Jainkoaren gabezia, eta han ez dago askatasunik.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/37/ (2026-11-07)