36
Jainkoaren aurrean erantzule
Jainkoak hasieran egin zuenean, aukeramena eman zion gizakiari (Si, XV, 14). Ez litzateke horrela gertatuko aukeratzeko libre ez balitz41. Askatasunez egiten ditugun egintza guztien erantzule gara Jainkoaren aurrean. Ez da hemen lekurik anonimatuarentzat; gizakia bere Jaunaren aurrean aurkitzen da, eta bere borondatean dago adiskide edo etsai bezala bizitzera erabakitzea. Horrela hasten da barne-borrokaren bidea, bizitza osorako eginkuzun dena, lurrean dabilen bitartean inork ez baitu bere askatasunaren osotasuna lortu.
Gure kristau fedeak, gainera, guztiei askatasun giroa ziurtatzera garamatza; hasteko, fedea aurkeztean, era guztietako behartze engainagarriak baztertuz. Kristorengana herrestaka eramaten bagaituzte, nahi gabe sinesten dugu; indarkeria erabiltzen da orduan, ez askatasuna. Norberak nahi ez duela sar daiteke Elizan; norberak nahi ez duela aldarera hurbildu; nahi gabe ere har dezake Sakramentua. Baina nahi duenak bakarrik sinets dezake42. Eta argi dago, arrazoinaren adinera heldutakoan, Elizan sartzeko eta Jainkoak etengabe egiten dizkigun deiei erantzuteko, askatasuna beharrezkoa dela.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/36/ (2026-11-07)