33
Gure Eliza Ama Santua beti mintzatu izan da askatasunaren alde, eta fatalismo guztiak ukatu izan ditu, antzinakoak nahiz ez hain zaharrak. Zorionerako edo zoritxarrerako, arima bakoitza bere patuaren jabe dela esan du, onerako edo txarrerako: eta bide onetik aldendu ez zirenak betiko bizira joango dira; gaizkileak, betiko sutara33. Beti hunkitzen gaitu zure eta nire, guztion, ahalmen honek, aldi berean gure nobleziaren zeinua agertzen duena. Hainbesteraino da bekatua nahita egindako gaitza, non ez litzateke bekatu izango borondatez sortua izan ez balitz: eta baieztapen hau hain nabaria da, non ados baitaude munduan bizi diren jakintsu urriak eta ezjakin ugariak34.
Berriz ere altxatzen dut bihotza nire Jainkoarengana, nire Jaunarengana, eskerrak emanez, ezerk ez baitzion galarazten gu akatsik gabeak sortzea, onerako eutsi ezineko joaeraz horniturik, baina bere zerbitzariak hobeak izango zirela askatasunez zerbitzatzen bazuten iritzi zuen35. Zein handia den gure Aitaren maitasuna, Haren errukia! Bere seme-alaben alde egindako jainkozko zorakeria hauen aurrean, mila aho, mila bihotz izan nahi nituzke, baita gehiago ere, Jainko Aita, Jainko Semea eta Jainko Espiritu Santua etengabe goresten bizi ahal izateko. Pentsa ezazue Ahalguztidunak, bere Probidentziaz Unibertsoaren gobernua duenak, ez dituela morroi behartuak nahi, nahiago ditu seme-alaba askeak. Gutako bakoitzaren arimaren barruan –nahiz proni ad peccatum, bekatura makurtuak jaioak garen, lehen bikotearen erortzea dela medio– bere adimen mugagabearen txinpart bat sartu du, onerako erakarpena, bakerako irrika iraunkorra. Eta egia, zoriona eta askatasuna, betiereko bizitzaren hazia gugan haz dadila saiatzen garenean lortzen direla ulertarazten digu.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/33/ (2026-11-07)