28
Askatasuna eta norberaren eskaintza
Jainkoaren maitasuna jeloskorra da: ez da asebetetzen haren hitzordura baldintzekin joanez gero: Gure zain dago, egonezinik, geure burua erabat noiz emango diogun, bihotzean zoko ilunik gorde gabe, hara ez baitira heltzen graziaren eta naturaz gaindiko dohainen poza eta alaitasuna. Beharbada honela pentsatuko duzue: Maitasun bakar horri baietz esatea, ez ote da, agian, askatasuna galtzea?
Otoitzaldi honen buru dugun Jaunaren laguntzaz, eta Haren argiari esker, bai zuek eta bai nik, gai hau are eta zehatzago ikusiko dugulakoan nago. Gutariko bakoitzak Jesu Kristo Gure Jaunaren zerbitzuan egoteak samina eta nekea badakarrela ezagutu du noizbait. Hori ukatzeak, inoiz ez dugula Jainkoarekin topo egin esan nahiko luke. Nahigabe hori datorrenean, arima maiteminduak badaki sentipen iragankor bat dela, eta berehala konturatzen da pisua arina dela eta zama leuna, Berak baitarama bere gain, gure betiko zoriona jokoan zegoenean gurutzea hartu zuen bezala24. Baina badaude hau ulertzen ez dutenak, Egilearen aurka altxatzen diren gizakiak – indargabeko bihurrikeria, zikoitza, iluna hau–, Salmoak jasotzen duen alferrikako kexa itsu-itsuan errepikatzen dutenak: hauts dezagun haien nagusitza, eten ditzagun haien lokarriak25. Ez dute bete nahi, isiltasun heroikoz, naturaltasunez, nabarmendu eta kexatu gabe, eguneroko eginkizun latza. Ez dute ulertzen, Jainkoaren Nahia, oinaze edo eskaera mingarri gisa aurkezten denean ere, askatasunarekin bat datorrela, askatasuna Jainkoagan eta haren xedeetan bakarrik aurkitzen baita.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/28/ (2026-11-07)