29
Askatasunarekin barrikadak egiten dituzten arimak dira. Nire askatasuna, nire askatasuna! Eskuan dute, eta ez diote jarraitzen; begiratu eta buztinezko idolo gisa ipintzen dute beren adimen zikoitzaren barruan. Hori al da askatasuna? Ze probetxu ateratzen dute aberastasun horretatik bizitza gida dezakeen konpromiso seriorik gabe? Halako jokabidea pertsonaren kategoriaren eta jatortasunaren aurka doa. Ez du norabiderik, lurrean zehar gure urratsei zentzu ematen dien bide argirik: arima horiek –nik bezala zuek ere aurkitu izan dituzue– funtsik gabeko harrokeriak, handipuzkeriak eta atseginzaletasunak herrestan eramango dituzte.
Horien askatasuna antzu agertzen da, edo fruitu barregarriak ematen ditu, baita giza legez begiratuta ere. Jokabide arau zuzenik aukeratzen ez duena –askatasun osoz!– lehenago edo beranduago, beste batzuek maneiatuko dute eta nagikerian biziko da –parasito gisa– besteek erabakitzen duten esanera. Edozein haizek astintzeko prest egongo da eta beste batzuk erabakiko dute beti bere ordez. Haizeak daramatzan eurigabeko laino dira; udazkenean fruiturik ematen ez duten arbola, bi aldiz hilak, sustraitik atereak26, nahiz eta beren nortasun, adore eta zintzotasunik eza etengabeko berritsukerian eta aringarrietan lausotzen saiatzen diren.
Baina, inork ez nau behartzen! errepikatzen dute setatsu. Inork ez? Denek bortxatzen dute norberaren egintza askeen ondorioak bere gain hartzera arriskatzen ez den ametsezko askatasun hori. Jainko maitasunik ez dagoen lekuan, hutsune bat sortzen da, norberaren askatasuna erantzukizunez erabiltzearena: han –itxuraz hala ez bada ere– bortxakeria da dena. Zalantzatia, erabakirik hartzen ez duena, gorabeheren menpeko plastikozko gaia bezalakoa da: edozeinek bere gustura moldatzen du eta, batez ere, grina txarrek eta bekatuak zauritutako naturaren joera okerrenek.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/29/ (2026-11-07)