35
Morrontza bat edo bestea aukeratzekotan –modu batez edo bestez zerbitzari izan behar badugu, hori baita giza izaera, aitortu ala ez–, ez dago ezer hoberik, Maitasunez Jainkoaren morroi garela jakitea baino. Izan ere une horretan bertan morrontzaren egoera galtzen baitugu, adiskide eta seme-alaba bihurtzeko. Eta ikusi zertan dagoen aldea: besteen grina eta ardura berberaz egiten diegu aurre munduko eginkizun zintzoei, baina arimaren barnean bakea dugula; alaitasunez eta lasaitasunez, baita ezbeharretan ere: ez baitugu jartzen gure konfiantza gauza iragankorretan, beti irauten dutenetan baizik, ez gara mirabearen seme-alaba, librearenak baizik37.
Nondik datorkigu askatasun hori? Kristo gure Jaunarengandik. Askatasun honen bidez salbatu gaitu38. Horregatik irakasten digu: Semeak askatzen bazaituzte, benetan aske izango zarete39. Kristauok ez dugu dohain honen zentzua inori maileguan eskatzen ibili beharrik, gizakia salbatzen duen askatasun bakarra kristau askatasuna baita.
Askatasunaren abenturaz hitz egitea maite dut, horrela moldatzen baita zuen bizitza eta nirea. Askatasun osoz –seme-alaben gisa, berriz diot, ez morroi bezala– egiten dugu Jainkoak gutako bakoitzari erakutsi digun bidea. Jainkoaren dohain bezala gozatzen gara mugitzeko aisetasun horretaz.
Askatasunez, inork behartu gabe, gogoak ematen didalako, Jainkoaren alde egiten dut. Eta zerbitzatzeko konpromisoa hartzen dut, nire bizitza besteen alde emateko, Jesus nire Jaunaren maitasunagatik. Askatasun honek bultzatzen nau oihu egitera ezerk, lur honetan, ez nauela Kristoren maitasunetik aldenduko40.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/35/ (2026-11-07)