27

Galde diezaiogun berriz geure buruari Jainkoaren presentzian: zertarako eman diguzu ahalmen hori? Zergatik utzi duzu gure esku zu onartzeko edo ukatzeko aukeramena? Gure gaitasun hau modu egokiz erabil dezagula da zure borondatea. Jauna, zer nahi duzu nik egitea?17 Eta hona erantzun argia, zehatza: maita ezazu Jauna, zure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiaz18.

Ikusten duzue? Askatasunak, salbatzen duen egiaren zerbitzuan erabiltzen denean hartzen du bere egiazko zentzua, morrontza guztietatik libratzen gaituen Jainkoaren Maitasun mugagabea bilatzen duenean. Egunetik egunera, areagotzen ari zait kristauaren hondorik gabeko ondasun hau ozenki iragartzeko gogoa: Jainkoaren seme-alaben askatasun aintzagarria!19. Horretan laburbiltzen da borondate ona, horrek erakusten digu, okerretik bereizi ondoren, onbidea bilatzen20.

Gustatuko litzaidake oinarrizko gai bat eraman zenezatela zuen gogoetara, gure kontzientziaren erantzukizunari aurre egiten dion puntu bat. Inork ezin du gure ordez aukeratu: hona hemen duintasunaren mailarik altuena gizakiengan: beren nahiez, ez beste inorenaz, zuzendu behar dira onera21. Asko gara gure gurasoengandik fede katolikoa oinordetzan hartu dugunok, eta, Jainkoaren graziaz, Bataioa hartu genuenetik, jaio berriak ginela, hasi zen naturaz gaindiko bizia gure ariman. Baina berritu egin behar dugu gure bizitzan zehar –baita egun bakoitzean zehar ere– Jainkoa gauza guztien gainetik maitatzeko erabakia. Kristau da, egiazko kristau esan nahi dut, Jainkoaren Hitz bakarraren nagusitasunari men egiten diona22, men egite horri baldintzarik jarri gabe, deabruaren tentaldiari aurre egitera prest egonik Kristoren jarrera berarekin: adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu23.

Oharrak
17

Ik. Eg IX, 6.

18

Mt XXII, 37.

19

Erm VIII, 21.

20

S. Maximo Aitorlea, Capita de charitate, II, 32 (PG 90, 995).

21

Sto. Tomas Akinotarra, Super Epistolas S. Pauli lectura. Ad Romanos, II. cap, III. lect. 217 (Marietti ed., Torino, 1953).

22

Origenes, Contra Celsum, VIII, 36 (PG 11, 1571).

23

Mt IV, 10.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean