34

Gizakiaren esku geratu da Jainkoari ezetz erantzutea, zorion berri eta behin betikoaren iturri horri uko egitea. Baina horrela jardunez gero, seme izateari uzten dio morroi bihurtzeko. Gauza bakoitza, bere izaerari begira dagokiona da; horregatik, arrotz zaion zerbaiten bila badabil, ez da bere izaerari dagokionez jardun, baizik kanpoko indarren batez; eta hori morrontzari dagokio. Gizakia arrazoidun da berez. Arrazoiaren arabera jarduten denean, berea duen higiduraz ari da, bera den bezala: eta hori askatasunari dagokio. Bekatu egiten duenean, arrazoiz kanpo ari da, eta orduan beste bati uzten dio bere burua gidatzen, bereak ez diren mugaldetan menperatua, eta horregatik bekatua onartzen duena bekatuaren morroi da (Jn VIII, 34)36.

Utzidazue horretan sakontzen; argi dago eta gure inguruan edo geure buruan bertan egiazta dezakegu maiz. Ezein gizakik ez dio ihes egiten mota bat edo besteko morrontzaren bati. Batzuek diruaren aurrean makurtzen dira, beste batzuek boterea gurtzen dute, besteek eszeptizismoaren hala-holako lasaitasuna, beste batzuek lizunkerian aurkitzen dute beren urrezko txekorra. Eta gauza nobleekin berdin gertatzen da. Lan batean ahalegintzen gara, proportzio handiago edo txikiagoko enpresa batean; zientzia, arte, literatura edo eginkizun espiritual bat betetzen. Ahaleginduz gero, benetako grinarik badago, bere burua horri entregatzen diona morroi bizi da, pozik ari da bere zereginaren xedearen zerbitzuan.

Oharrak
36

S. Tomas Akinotarra, Quaestiones disputatae. De malo, q.VI. a. 1.

Puntu hau beste hizkuntza batean