40
Zabal dezagun San Mateoren Ebanjelioa, hogeita bosgarren kapituluan: Jainkoaren erregetzarekin, kriseiluak hartu eta senar-emazte ezkonberriei bidera irten zitzaizkien hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak2. Ebanjelariak dio zentzudunek ongi erabili zutela denbora. Buru onez, behar hainbat olioa eskuratzen dute, eta prest daude dei egiten dietenean: E!, ordua da! Hemen da senarra, irten bidera!3: beren argiak biziagotuz, badoaz pozik hari harrera egitera.
Helduko da egun hura, azkena eta beldurrik sortzen ez diguna: Jainkoaren grazian konfiantza osoa dugula, une honetatik aurrera prest gaude, eskuzabal, gogo sendo, gauza txikiak maitasunez zainduz, Jaunarekin dugun hitzordu horretara hurbiltzeko, argiak piztuta eramanez. Zeruko festa handia zain baitugu. Gu gara, anai-arreba maiteok, Hitzaren ezteietan parte hartzen dugunok. Gu, Elizan gure sinesmena dagoeneko jarri dugunok, Eskritura Santua janari dugunok, Eliza Jainkoarekin bat eginik dagoelako pozten garenok. Pentsa ezazue, eskatzen dizuet, ezkon jantziarekin etorri zareten eztei hauetara: azter itzazue arretaz zuen gogapenak4. Ziur-ziur diotsuet –eta neure buruari ere esaten diot– eztei jantzi hori eginkizun txikienetan ere bildu dugun Jainkoarenganako maitasunez ehunduta egongo dela. Maiteminduek gauza ñimiñoenak zaintzen baitituzte, baita itxuraz garrantzirik ez duten egintzetan ere.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/40/ (2026-11-07)