49
Jaunak bizia, zentzumenak, ahalmenak eta grazia kontaezinak eman dizkigu doan: eta ez dugu eskubiderik ahazteko, Berak ipini gaituen etxalde honetan langile garela, beste askoren artean, janaria besteei eramaten laguntzeko lan eginez. Hauxe da gure lekua: muga hauen barruan; hemen erabili behar ditugu gure indarrak egunero Berarekin, Haren salbamen ekintzari lagunduz23.
Utzidazue esaten berriz: zure denbora zuretzat? Zure denbora Jainkoarentzat! Baliteke, Jainkoaren errukiari esker, halako berekoikeria oraindaino sartu ez izana zure ariman. Kristori diozun sinesmena zure bihotzak inoiz zalantzan jartzen duela nabaritzen duzunerako, ordurako mintzatzen ari naiz. Orduan, eskatzen dizut –Jainkoak eskatzen dizu– izan zaitez leial zure ahaleginean, menderatu harrokeria, lotuta eduki irudimena, ez utzi zeure buruari arinkeriaz urrutira joaten, ez ihes egin.
Plazaren erdian zeuden langile haiei egun osoa sobratzen zitzaien; talentua lurpean ezkutatu zuenak denbora galtzen egon nahi zuen; mahastiaz arduratu behar zena, beste alde batera doa. Denak bat datoz: sorgor daude, Maisuak kristau bakoitzari eman digun zeregin ederraren aurrean: haren tresna garela jakin eta horrela jardun, Berarekin berrerosle izateko; gure bizi osoa arimen onerako eman opari pozgarri horretan.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/49/ (2026-11-07)