52
Denbora gutxi geratzen zaigula gogoratzen dizuet berriz: tempus breve est28, bizia lurrean laburra baita, eta baliabide haiek izanik, borondate on pixka bat besterik ez dugula behar Jainkoak eman dizkigun aukerak ongi erabiltzeko. Jauna mundu honetara etorri zenetik hasi zen onginahi garaia, salbamen eguna29 guretzat eta denentzat. Jainko gure Aitak ez diezagula Jeremiasen ahotik azaldu zuen gaitzespena zuzendu behar: zikoinak ere antzematen diote zeruari, lekuz noiz aldatu jakiteko, usapalak, enarak eta kurriloak badakite noiz itzuli. Nire herriak, ordea, ez du Jainkoaren agindua ezagutzen30.
Ez dago egun txar edo desegokirik: egun guztiak dira onak Jainkoaren zerbitzuan aritzeko. Egun txarrak bakarrik sortzen dira, gizakiak, bere sinesmen faltaz, bere alferkeriaz edo Jainkoarekin eta Jainkoaren alde lanik ez egitera bultzatzen dion axolagabekeriaz hondatzen dituenean. Goretsiko dut Jauna une oroz!31. Denbora, joaten zaigun, ihes egiten digun altxorra da, ura harkaitz garaietatik bezala gure eskuetatik igarotzen da. Atzoko eguna joana da eta gaurkoa pasatzen ari da. Biharkoa beste atzo bat bihurtuko da laster. Biziaren iraupena oso laburra da. Baina, zenbat egin daitekeen tarte txiki horretan, Jainko maitasunez!
Ez digu inolako aitzakiarik balioko. Jaunak oparo eman digu: pazientzia handiz irakatsi: bere aginduak parabolen bidez azaldu dizkigu eta aspertu gabe behin eta berriz esan. Feliperi bezala galde diezaguke: honenbeste denbora zuekin, Filipe eta ez nauzu ezagutzen?32. Benetan lan egiteko ordua iritsi da, eguneko une guztiak betetzekoa, egun osoko nekea eta beroa33 atseginez eta alai eramatekoa.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/52/ (2026-11-09)