41
Baina jarrai diezaiogun parabolaren hariari. Eta zentzugabeak, zer egiten dute? Une hartatik aurrera, Senarrari itxaroteko prest egoten arduratzen dira: olioa erostera doaz. Baina berandu erabaki dute eta erostera joanak zirelarik, senarra iritsi zen, eta prest zeudenak ezteietara sartu ziren berarekin. Eta atea itxi egin zen. Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: Jauna, Jauna, zabaldu!5. Ez dira, ez, geldirik geratu: zertxobait saiatu dira... Baina ahotsa entzun zuten, zorrozki esanez: ez dakit nor zareten6. Ez zuten jakin edo ez zuten nahi izan behar zen arduraz prestatzen, eta ahaztu egin ziren bere orduan olioa erosteaz, bidezkoak ziren neurriak hartuz. Eskuzabaltasuna falta izan zitzaien aginduta zeukaten eginkizun txiki hura kontuz betetzeko. Ordu asko gelditzen ziren, bai, baina ez zituzten ongi erabili.
Ausarki begira diezaiogun gure bizitzari. Zergatik ez ditugu aurkitzen, batzuetan, dagokigun lana maitasunez burutzeko behar ditugun eta gure santutasunaren bide diren minutu horiek? Zergatik ez ditugu behar bezala zaintzen familiarenganako eginbeharrak? Zergatik gabiltza presaka otoitz egiteko orduan edo Meza Santua entzutekoan? Zergatik ez dugu izaten lasaitasunik eta sosegurik gure bizi egoerako eginbeharrak betetzeko eta, alderantziz, batere presarik gabe, denbora galtzen dugu gure kapritxoen atzetik joateko? Erantzun diezadakezue: huskeriak dira. Bai, noski: baina huskeria horiek garra bizirik eta argia pizturik mantentzen duten olioa dira, gure olioa.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/41/ (2026-11-07)