51
Jesusek asko lan egin zuen bezperan eta, bideari ekitean, gosea sentitu zuen. Premia honek eraginda, han, urruti xamar, hosto ederrak agertzen zituen pikondo batera zuzentzen da. San Markosek diosku ez zela piku garaia26; baina Gure Jauna hartzera hurbiltzen da, ongi asko jakinda urtearen sasoi hartan ez zituela aurkituko. Halere, zuhaitzaren antzutasuna egiaztatzean, itxuraz hain emankor izanda, hosto ugariez betea, hauxe agintzen du: ez dezala gehiago inork hiregandik fruiturik jan!27.
Gogorra da, bai! Ez dadila gehiago fruiturik sortu hiregandik! Nola geldituko ziren haren ikasleak, are gehiago Jainkoaren Jakinduria mintzo zela jakinik! Jesusek zuhaitza madarikatzen du ugaritasun itxura baizik aurkitu ez duelako, hostotza bakarrik. Horrela ikasten dugu ez dagoela aitzakiarik eraginkortasunik ezarentzat. Agian honela diote: ez dut jakite nahikoa… Ez dago aitzakiarik! Edo: gaixo nago eta, talentu eskasekoa naiz, egoera ez da egokia, giroa… Ez dute balio ere aitzakia horiek! Gaixoa sasi apostolutzaren orbelaz apaintzen dena, itxurazko bizitza emankorraren oparotasuna agertzen duena, benetan fruiturik lortzen saiatzen ez bada! Badirudi denbora aprobetxatzen duela, mugitzen dela, gauzak antolatzen dituela, dena ongi konpontzeko modu berri bat asmatzen duela… Baina ez du fruiturik ematen. Inor ez da elikatuko naturaz gaindiko zukurik gabeko haren egintzekin.
Eska diezaiogun Jaunari prest egon gaitezela heroitasun emankorrez lan egiteko. Asko baitira lurrean, jendea hurbiltzen zaienean, hostoak bakarrik agertzen dituztenak, handiak distiratsuak, mardulak. Hostotza bakarrik, besterik ez. Eta arimek, beren gosea, Jainko gosea, asetzeko itxaropenez begiratzen digute. Ezin ahaztu baliabide guztiak gure esku dauzkagula: bai doktrina nahikoa, bai Jainkoaren grazia, nahiz eta ahultasunak izan ere.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/51/ (2026-11-07)