39

Zuei ari naizenean, guztiok batera Jainko gure Jaunarekin hizketan gaudenean, neure otoitza jarraitzen dut ozenki: atsegin dut hau maiz gogoratzea. Eta zuek ere, zuen arimen barruan otoitza mantentzen ahalegindu behar zarete, nahiz, edozein arrazoi dela eta, gaurkoa bezalakoa adibidez, maitasunezko elkarrizketa bati –horixe baita Jaunarekin dugun solasaldia– lehen begiratuan oso ongi ez datorkion gaien bat eraman behar badugu gure otoitzera. Lehen begiratuan diot, zeren eta gertatzen zaigun guztia, gure inguruan gertatzen den guztia, otoitz gai izan baitaiteke eta hala izan behar baitu.

Denboraz hitz egin behar dizuet, ihes doan denbora horretaz. Ez dut baieztapen ezagun hori errepikatu nahi: urte bat gehiago urte bat gutxiago dela... Ez zaituztet bultza nahi ere inon galde egitera zer pentsatzen duen jendeak egunen joanaz, hori egingo bazenute, ziur aski halako erantzunen bat jasoko baitzenukete: gaztetasun, ez itzultzeko zoazen jainkozko ondasun... Naturaz gaindiko zentzu handiagoa duen beste gogoetaren bat ere entzun dezakezuela pentsatu arren.

Ez dut ere biziaren laburtasunaren puntu zehatz horri begira gelditu nahi, oroiminez. Kristauoi, lurrean ibiltzearen iheskortasunak, denbora hobeto erabiltzera bultzatu behar gintuzke, inola ere Gure Jaunaren beldur izatera eta are gutxiago heriotza zoritxarreko amaieratzat hartzera. Amaitzen den urtea –mila modutara esan izan da, hitz eder edo arruntetan–, Jainkoaren grazia eta errukiari esker, Zerura, gure behin-betiko Aberrira, hurbiltzen gaituen pauso bat da.

Errealitate hau gogoratzean, oso ederki ulertzen dut San Pauloren deiadar hura Korintotarrei idatzitako gutunean: tempusbreve est!1, zein laburra den gure ibilaldia lurrean zehar! Kristau koherente batek, bere eskuzabaltasun ezaren gaitzespen modura eta leial izateko etengabeko dei bezala entzuten ditu hitz hauek bihotzaren barru-barruan. Benetan, laburra da gure denbora maitatzeko, eskaintzeko, ordaintzeko. Ez da, beraz, bidezkoa denbora hori xahutu eta arduragabe, leihotik behera botatzea: ezin dugu galtzen utzi Jainkoak bakoitzari eman digun epe hau munduan.

Oharrak
1

1 Ko VII, 29.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean