111
Jakingura santu batek eraginda, ez al zaizu noizbait galdera hau burura etorri: nola burutu zuen Jesu Kristok maitasun xahuketa hori? Berriz ere San Paulo da erantzuna ematen diguna: Jainko izaerako izanik (…) hustu egin zen bere handi izateaz eta morroi izaera hartu zuen, gizaki antzeko eginez, gizaki mailara jaitsiz5. Semeok, txundi zaitezte misterio honen aurrean eta ikasi: Jainkoaren botere guztia, maiestate guztia, edertasun guztia, harmonia neurrigabe guztia, bere ondasun kontaezinak, Jainkoa oso-osorik!, Kristoren gizatasunean gordeta geratu zen gu zerbitzatzearren. Ahalguztidunak bere aintza denboraldi batez iluntzea erabakitzen du, bere sorkariekin izango duen topaketa salbagarria errazteko.
Jainkoa –idazten du San Joan Ebanjelariak– ez du inork ikusi. Aitaren baitan dagoen eta Jainko den Seme bakarrak eman digu haren berri6, gizakien begirada harrituaren aurrean azalduz: lehenik, jaio berri bat bezala, Belenen; gero, besteak bezalako haur bat bezala; geroxeago, Tenpluan, gaztetxo zentzudun eta bizkor bat bezala; eta, azkenik, zoraturik laguntzen zioten jende multzo haien bihotzak eragiten zituen Maisuaren itxura atsegin eta erakargarri hartaz.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/111/ (2026-11-07)