124

Jainkoak alaitasunez ematen duena maite du

Jainkoak loturarik gabe bizitzea eskatzen digu, eta alor honen barruan garrantzi berezia duen beste puntu bat aipatuko dizuet: osasuna. Orain, zuen artean, gehienak gazteak zarete; biziz bete-beterik dagoen sekulako etapa hori pasatzen ari zarete, indarrez gainezka dagoena. Baina denbora pasa ahala, halabeharrez, gorputza ahulduz doala nabaritzen da; gero helduaroaren mugapenak iristen dira, eta, azkenik, zahartzaroaren ajeak. Horretaz gainera, gutako edozein, noiznahi, gaixotu daiteke edo arazoren bat jasan gorputzean.

Gorputzaren ongizate boladak, garai onak, zuzentasunez –kristauki– erabiltzen baditugu, orduan bakarrik onartuko ditugu, naturaz gaindiko alaitasunez, jendeak, oker pentsatuz, txartzat jotzen dituen gertaerak. Xehetasunetan gehiegi sartu gabe, nire esperientzia helarazi nahi dizuet. Gaixo gaudelarik, gogaikarriak izan gintezke: ez naute kasu egiten, inor ez da nitaz arduratzen, ez naute merezi dudan bezala zaintzen, inork ez nau ulertzen… Deabruak, zelatan beti, edozein aldetik erasotzen du; eta gaixotasunean, haren taktika psikosi moduko zerbait sustatzea izaten da, Jainkoarengandik aldentzen duena, ingurugiroa mingosten, edota, nahigabea naturaz gaindiko baikortasunez eramaten denean –maitatzen denean!– arima guztien alde iristen den merezimenduen altxorra hondatzen duena. Beraz, Jainkoak atsekabearen atzaparkadak iritsi gaitzala nahi badu, bere Gurutze salbatzaileari estuago lotzeko helduak gaudela uste duelako seinaletzat har ezazue.

Beharrezkoa da, beraz, urruneko prestaketa bat, norberaren askatze santu batez egunez egun landuta, bizkortasunez prest egon gaitezen –Jainkoak utziko balu– eritasuna edo zoritxarra eramateko. Aprobetxa itzazue orain ohiko aukerak, gabezia bat edo beste, oinazea ohiko adierazpen txikietan, hildura, eta bizi itzazue kristau bertuteak.

Puntu hau beste hizkuntza batean