122

Nik predikatzen dudan desitsatsita egote hori, gure Ereduari begiratu ondoren, jauntasuna da; ez da pobrekeria nabarmena eta deigarria, alferkeria eta utzikeriaren estalgarria. Zure egoeraren, zure familiaren, zure lanaren mailari… dagokion bezala jantzi behar duzu, zure lankideak bezala, baina Jainkoarengatik, benetako kristau bizitzaren egiazko irudi erakargarria emateko grinarekin. Naturaltasunez, bitxikeriarik gabe. Benetan diotsuet, hobe duzuela gehiegiz oker egitea gutxiegiz baino. Nola uste duzu zuk zela Jaunaren itxura? Ez al duzu pentsatu nolako jauntasunez eramango zuen josturarik gabeko tunika hura, Ama Mariaren eskuek ehundua segur aski? Ez al duzu gogoratzen, Simonen etxean, mahaian eseri aurretik eskuak garbitzeko urik eskaini ez ziotelako, nola kexatu zen?25 Egia da, anekdota horren bitartez, maitasuna gauza xeheetan adierazten dela azpimarratzeko aipatu zuela gizalegezko falta hori, baina garbi uzten saiatu zen ere garaiko gizarte ohiturak kontutan hartzen zituela. Beraz, zu eta ni lurreko ondasun eta erosotasunetatik aske egoten saiatuko gara, baina ateraldi desegokirik eta gauza arrarorik egin gabe.

Nire iritzian, munduaren jaun eta Jainkoaren administratzaile zintzo sentitzen garela adierazten duen gauza bat erabiltzen duguna zaintzea da, ongi kontserba dadila, iraun dezala, eder ager dadila eta ahal duen denbora guztia bere xedea bete dezala bilatuz, alferrik gal ez dadin. Opus Deiren Zentroetan dekorazio xumea, atsegina aurkituko duzue, eta batez ere garbia, ez baita nahastu behar etxe pobrea gustu txarrarekin eta zikinkeriarekin. Hala ere, ulertzen dut zuk, zure ahalbideen eta zure gizarte eta familiako obligazioen arabera, gauza baliotsuak eduki eta zaintzen badituzu, mortifikazio espirituz eta haiei lotuta egon gabe.

Oharrak
25

Ik. Lk VII, 36-50.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean