116
Esan daiteke, Jauna, Aitarengandik jaso zuen misioari begira, egunean bizi dela, bere jainkozko ahotik atera zen irakatsi erakargarrienetako batean aholkatzen zuen bezala: ez kezkatu bizitzeko zer jango, edota gorputza zerez jantziko: Izan ere bizia janaria baino gehiago da, eta gorputza jantzia baino gehiago. Begira beleei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen; ez dute bihitegirik, ez mandiorik; hala ere, Jainkoak janaritzen ditu. Zenbat gehiago ez ote duzue balio zuek hegaztiek baino?… Begira nola hazten diren loreak: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, zenbat gehiago ez ote zaituzte jantziko zuek, sinesmen gutxikook?13.
Jainkoaren Probidentzian gehiago fidaturik biziko bagina, egunero falta ez zaigun babes honetaz ziur –sinesmen tinkoz!–, zenbat kezka eta larrialdi aldenduko genituzke gugandik. Hainbat urduritasun desagertuko lirateke, Jesusen hitzetan paganoei dagozkienak, munduzaleei14, naturaz gaindiko zentzurik ez dutenei. Adiskide, apaiz, aita bezala zuei bihotza zabalduz, egoera bakoitzean gogoratu nahi nizueke, Jainkoaren errukiz, Gure Aita ahalguztidun horren seme-alabak garela, zeruetan eta aldi berean gure bihotzean barruan dagoen horrena; suaz grabatu nahi nuke zuen adimenean badaukagula guztiok arrazoirik mundu honetan zehar baikor ibiltzeko, ezinbestekoak diruditen gauza horiei arima lotu gabe, bai baitaki zuen Aita horrek behar dituzuela!15, eta Bera arduratuko da. Sinets nazazue: horrela bakarrik jardungo gara Izadiaren jaun gisa16, eta morrontza baztertuko dugu; hainbeste dira morrontza horretan erortzen direnak, agian inoiz ikusiko ez duten bihar edo gero bategatik ahaleginduta, beren Jainko seme-alabatasunaz ahazten direlako.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/116/ (2026-11-05)