112
Aski dira gizon egiten den Jainkoaren Maitasunaren ezaugarri batzuk, eta haren eskuzabaltasunak arima ukitzen digu, piztu egiten gaitu, eta, leun-leun, hainbestetan gure jokaera zeken eta berekoia izan delako damu mina sentitzera eramaten gaitu. Jesu Kristok ez du bere burua beheratzeko arazorik, gu gure ezerezetik Jainko seme-alaben, bere anai-arreben, mailara altxatzeko. Zu eta ni, alderantziz, ergelki, askotan zoroki harrotzen gara jasotako dohain eta talentuez, oinpeko bihurtuz besteen gainetik geure burua ezartzeko, hala-holako bikaintasunez amaitutako egintza batzuen merezimendua gurea bakarrik izango balitz bezala: zer daukazu Jainkoagandik hartu ez duzunik? Eta daukazuna hartua baldin baduzu, zergatik harrotzen zara hartua ez bazenu bezala?7
Jainkoaren eskaintza eta haren ezereztea gogoratzean –hausnar dezagun ari naiz, bakoitzak bere baitan pentsa dezan–, harroaren handikeria eta harropuzkeria bekatu ikaragarri bat bezala agertzen da; hain zuzen ere, Jesu Kristok bere jardueraz erakutsi digun ereduaren kontrako muturrean jartzen baitu pertsona. Pentsa ezazue poliki. Bera, Jainkoa izanik, beheratu egin zen. Gizakia, bere buruaz harrotuta, kosta ahala kosta, goratu egin nahi du, pitxer buztin zakarrez egina dagoela aitortu nahi gabe.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/112/ (2026-11-07)