115
Kristauaren jauntasuna
Bihotz emankorrak, benetan ezeri lotuta ez daudenak, eskatzen ditu Jaunak. Lortuko dugu, bai, geure niari lotzen gaituzten sokak edo ari meheak adorez askatzen baditugu. Ez dizuet ezkutatzen erabaki honek etengabeko borroka eskatzen duela, norberaren adimenaren eta norberaren borondatearen gainetik jauzi egitea; hitz gutxitan, gehien gutiziatutako ondasun material guztiak baztertzea baino uko egite gogorragoa.
Maisuak irakatsi zuen eta kristau guztiongandik espero duen askatze honek, kanpoko adierazpenak izan behar ditu ere, nahitaez. Jesu Kristok coepit facere et docere10: hitzez baino lehen, egitez iragarri zuen ikasbidea. Ukuilu batean jaiotzen ikusi duzue, erabateko gabezian, eta aska bateko lastoetan etzanik bere lehen loaldiak egiten. Gero, bere ibilaldi apostolikoen urteetan eskainitako beste adibideen artean, oroituko zarete berari ikasle bezala jarraitzea eskaini zion bati egin zion ohar garbia: azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri11. Eta ez ahaztu hausnartzeaz Ebanjelioak jasotzen duen gertaera hura: Apostoluek, larunbata batean, gosea leuntzearren, galburu batzuk hartzen dituzte bidean12.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/115/ (2026-11-07)