123
Duela urte asko –hogeita bost baino gehiago– karitateko jangela batera joaten nintzen; egunean zehar han ematen zieten janaria besterik hartzen ez zuten eskaleentzat. Andre zintzo talde batek zaintzen zuen sala handi bat zen. Lehenengo banaketa ondoren, beste eskale batzuk joaten ziren hondarrak jasotzera, eta bigarren talde honetako bat deigarri gertatu zitzaidan: eztainuzko koilara baten jabe zen! Poltsikotik arretaz ateratzen zuen, gutiziaz, atseginez begiratzen zion, eta bere janari errazioa amaitzean, berriz koilarari begirada bat botatzen zion, “nirea da!” oihukatzen zuten begiekin; bi aldiz milikatzen zuen garbitzeko eta pozik gordetzen zuen berriz bere piltzarren tolesturen artean. Bai, berea zen! Behartsu gizajo bat; bere zoritxarraren kide ziren haien artean, aberats sentitzen zena.
Ezaguna nuen nik garai hartan nobleziako titulua zuen andre bat, Espainiako aristokrazia gorenekoa. Jainkoaren aurrean horrek ez du ezer balio: denok berdinak gara, denok Adan eta Ebaren seme-alabak, gizaki ahulak, bertute eta akatsekin, krimen okerrenak egiteko gauza garenak Jaunak uzten bagaitu. Kristok berrerosi gaituenetik, ez dago ez arraza, ez hizkuntza, ez kolore, ez leinu, ez aberastasun desberdintasunik…: denok Jainkoaren seme-alabak gara. Orain aipatzen ari naizen pertsona hau aspaldiko leinuko etxe batean bizi zen, baina bere buruarentzat ez zituen ezta bi pezeta ere gastatzen egunean. Aldiz, oso ederki ordaintzen zien zerbitzariei eta gainerakoa behartsuei laguntzeko erabiltzen zuen, berak mota guztietako gabeziak pasatuz. Ez zitzaizkion falta emakume honi hainbeste jendek biziki irrikatzen dituen ondasun ugari, baina bera, pobre eta hildura zalea zen eta gauza guztietatik erabat askatua bizi zen. Ulertu al didazue? Aski dugu, gainera, Jaunaren hitzak entzutea: zorionekoak gogoz behartsu direnak, berenak dute eta zeruetako erreinua26.
Espiritu hori iritsi nahi baduzu, zeure buruarekin urri eta besteekin eskuzabal izan zaitezela aholkatzen dizut; baztertu itzazu luxuak, apetak, handikeriak, erosotasunak… eraginda, beharrezkoak ez diren gastuak; ez asmatu beharrik. Hitz batez, ikas ezazu San Paulorengandik eskasian nahiz ugaritasunean bizitzen, aserik nahiz gosea egotera, ugari edukitzera nahiz beharrizanera. Dena dezaket indartzen nauen Kristorengan27. Eta Apostolua bezala, horrela gogo borrokaren garaile irtengo gara ere, bihotza aske gordetzen badugu, loturarik gabe.
Sinesmenaren borroka lekura gatozen guztiok, dio S. Gregorio Handiak, espiritu gaiztoen aurka borrokatzea hartzen dugu gure gain. Deabruek ez dira ezeren jabe mundu honetan, eta, beraz, biluzirik datozenez, guk ere biluzirik borroka egin behar diegu. Zeren, jantzita dagoen batek arroparik gabeko beste batekin borroka egiten badu, laster botako dute, bai baitu etsaiak nondik harrapatu. Eta, zer dira lur honetako gauzak, jantzi moduko zerbait baizik?28
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/123/ (2026-11-07)