110
Aste Santuaren atari hau, gizadi osoaren Berrerospena Kalbarioaren gainean burutu zen unetik hain hurbil, oso garai egokia iruditzen zait zuk eta nik gogora dezagun Jesus gure Jaunak zein bidetatik salbatu gaituen; begira diezaiogun lurreko lohiez osatutako sorkari gaixo batzuen alde duen bere maitasun horri, esanezina benetan.
Memento, homo, quia pulvis es, et in pulverem reverteris1 ohartarazten zigun gure Eliza Ama Santuak, Garizumaren hasieran, ezer gutxi garela inoiz ahatz ez dezagun, egunen batean gure gorputza –biziz beterik orain– desegingo dela, gure oinak ibiltzean altxatzen duten hautsezko hodei arinaren moduan; eguzki errainuek jotako lainoa bezala desagertuko da2.
Kristoren jarraibidea
Baina gure ezereza hain gordin zuei gogoratu ondoren, beste errealitate zoragarri bat goraipatu nahi nuke nik zuen aurrean: eutsi eta jainkotzen gaituen Jainkoaren eskuzabaltasun handia. Entzun itzazue Apostoluaren hitzak: ezaguna duzue Jesu Kristo gure Jaunaren eskuzabaltasuna: aberats izanik, behartsu egin zen zuengatik, bere behartsu izateaz zuek aberats egiteko3. Begira iezaiozue poliki Maisuaren jarraibideari eta berehala konturatuko zarete badugula bizitza osorako hausnartzeko gai ugari, eskuzabaltasun handiagoko erabaki zehatzak benetan hartzeko. Izan ere, gutako bakoitzak –eta ez galdu begi bistatik iritsi behar dugun helburu hau– Jesu Kristorekin bat etorri behar du, eta hura, entzun duzuen bezala, zuregatik eta niregatik behartsu egin zen, eta jasan zuen, jarraibide emanez, bere urratsen ondotik joan gaitezen4.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/110/ (2026-11-07)