114
Ikuspegi honetatik, benetan Jaunari hurbiletik jarraitu nahi badiogu, eta Jainkoari eta gizadi osoari egiazko zerbitzu bat eskaini, geure buruarengandik benetan askatuta egon behar dugula jabetuta egon behar duzue: adimen, osasun, izen on, asmo jator, garaipen eta egintza arrakastatsuetatik.
Baita ere –horretaraino iritsi behar baita zure erabakia– amets garbietatik, Jainkoaren aintza eta gorespena bakarrik bilatuz izaten ditugunetatik, gure borondatea arau garbi eta zehatz honetara egokituz: Jauna, hau edo hura nahi dut Zuri atsegin bazaizu bakarrik, bestela, niri zertarako interesatzen zait? Horrela, kontzientzia guztietan zeharka-meharka dabiltzan berekoikeria eta handiusteari kolpe larri bat ematen diegu; eta bide batez, benetako bakea lortzen dugu gure arimetan, askatze hori Jainkoa guregan edukitzea bihurtzen den arte, gero eta barnerago, sakonago.
Jesu Kristo imitatzeko, bihotzak ez du ezeri itsatsita egon behar. Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat. Izan ere bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badu?8 Eta San Gregoriok dio: ez litzateke nahikoa gauzei lotuta egon gabe bizitzea, geure buruari ere uko egingo ez bagenio. Baina… gugandik kanpo, nora joan? Nor da uko egiten duena, bere buruari uzten badio?
Jakin ezazue, bekatuarengatik eroriak garenez, bata dela gure egoera; eta bestea, Jainkoak eginak garenez. Era batez eginak izan gara eta beste era batean gaude, geu garela kausa. Uko egin diezaiogun geure buruari, bekatu eginez bihurtu garen horretan, eta gorde graziaren bitartez eginak izan garen beste horretan. Horrela, harro izan dena, Kristorengana bihurtuta, apal egiten bada, uko egin dio bere buruari; haragikoia, bizitza neurritsua izatera aldatzen bada, uko egin dio ere bere buruari lehen zen horretan; diruzaleak ondasunak irrikatzeari uzten badio, eta besteenaz jabetu beharrean, berearekin eskuzabal izaten hasten bada, benetan bere buruari uko egin dio9.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/114/ (2026-11-07)