113
Ez dakit kontatuko ote zizueten, zuen haurtzaroan, urre koloreko faisai bat oparitu zioten nekazari haren alegia. Opariak sortu zion poza eta harridurazko lehen unea pasa zitzaionean, jabe berria non gordeko zuen bilatzen hasi zen. Ordu mordo bat igarotakoan, zalantza ugari izan eta plan desberdin asko egin ondoren, oilategian sartzea erabaki zuen. Oiloak, etorri berriaren edertasunaz miretsita, harriturik jira-biraka zebiltzan haren inguruan, erdijainko bat aurkitzen duenaren harriduraz. Halako zalapartaren erdian, jatordua heldu zitzaien, eta jabeak lehenengo zahi eskukadak botatzean, faisaia –goseak hilda, itxaronaldiarengatik– sabel zorria kentzeari ekin zion irrikaz. Ikuskizun zakar horren aurrean –ederrik ederrena zen hark animalietan arruntenaren irrika berberaz jaten zuen–, oilategiko kideek, harenganako lilura galduta, mokoka hasi ziren idolo eroriaren aurka, hari luma guztiak kentzeraino. Hori bezain penagarria da egolatraren lur jotzea; norberaren gaitasunaz harro-harro fidaturik zenbat eta gehiago bere indarren gainean goratzen den, orduan eta okerragoa.
Atera itzazue, bada, ondorioak zuen eguneroko bizitzarako, jakinez talentu batzuen –giza eta naturaz gaindikoak– gordetzaile zaretela eta zuzen erabili behar dituzuela; eta ez kasu egin ziri sartze barregarri honi: baduzuela zuena den zerbait, zuen ahaleginen fruitu bakarrik izango balitz bezala. Gogora ezazue badagoela batugai bat –Jainkoa–, inork baztertu ezin dezakeena.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/113/ (2026-11-07)