117

Utzidazue nire esperientziaren zatitxo bat zuei agertzen. Jainkoaren aurrean zabaltzen dizuet nire bihotza, ondo baino hobeto jakinez ez naizela ezeren eredu, piltzar hutsa naizela, Jaunak erabili duen tresna kaxkar bat –gorra eta traketsa–, Berak mahai baten hankaz guztiz ongi idazten duela ageriago ikus dadin. Beraz, zuei nitaz hitz egitean, ez datorkit burura, inondik ere!, nire jardueran merezimendu pixka bat ere daukadanik; eta are gutxiago ezarri nahi dizuet Jaunak eraman nauen bidetik ibil zaitezten, izan ere gerta daiteke Maisuak zuei ez eskatzea niri hainbeste lagundu didana oztoporik gabe lan egiteko nire bizitza osoa eman diodan Jainkoaren Egintza honetan.

Benetan esaten dizuet –nire eskuz ukitu dut eta nire begiez ikusi–, zuen uste ona Jainkoaren Probidentzian jartzen baduzue, haren beso ahalguztidunetan jartzen bazarete, inoiz ez zaizuela faltako baliabiderik Jainkoari, Eliza Santuari eta arimei zerbitzatzeko, zuen eginbehar bat ere baztertu gabe; eta munduko ondasun guztiaren jabetzak eman ez dezakeen – mundus dare non potest17 alaitasunaz eta bakeaz gozatuko duzue.

Opus Deiren hasieratik, 1928an, giza baliabiderik ez izateaz gain, inoiz ez dut neronek sosik erabili; eta ez dut ere zuzenean esku hartu gizakiek –hezur-mamizko jendea, ez aingeruak– daramaten edozein eginkizunean sortzen diren bidezko diru arazoetan; baliabide materialak behar baitituzte haien lana eraginkorra izan behar bada.

Opus Deik, apostolutza lanak mantentzeko, beti behar izan du askoren laguntza emankorra, eta beti –denboraren bukaera arte– behar izango duela uste dut: alde batetik ekintza horiek ez direlako inoiz errentagarriak; bestetik, laguntzaileen kopurua eta nire seme-alaben lana gehitu arren, Jainkoarenganako maitasuna izanik, apostolutza zabaltzen delako eta eskaerak ugaltzen. Horregatik behin baino gehiago barre eginarazi diet nire seme-alabei, Jainkoaren graziari zintzo erantzutera bultzatzen nien aldi berean, Jaunari lotsagabeki aurre eman ziezaiotela adoretzen nienean, grazia ugariago eskatuz, eta premiazko dirua, tanka-tanka.

Lehen urteetan behar-beharrezkoena ere ez genuen. Jainkoaren suak erakarrita, bazetozen nire ondora langile, artisau, unibertsitateko ikasleak…; ez zekiten nolako estutasun eta behartasunean aurkitzen ginen, Opus Deiren barruan, Zerua lagun, beti saiatu baikara uko egite eta otoitza ugariak ezkutatuak gera zitezen moduan lan egiten. Orain, garai hartara begirada itzultzean, erabateko esker ekintza bat sortzen da bihotzetik: nolako segurtasuna zegoen gure arimetan! Bagenekien, Jainkoaren erreinua eta haren justizia bilatuz gero, gainerakoa gehigarri emango zitzaigula18. Eta benetan esaten dizuet, ez dela inolako apostolutza ekimenik aurrera eraman gabe gelditu, baliabide materialak falta izateagatik: momentu egokian, modu batez edo bestez, gure Aita Jainkoak, bere ohiko Probidentziaz, behar genuena errazten zigun, Bera beti ordaintzaile ona zela ikus genezan.

Oharrak
17

Ik. Jn XIV, 27.

18

Ik. Lk XII, 31.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean