118
Zuen buruen jabe bezala jardun nahi baduzue une orotan, gauza guztietatik askatzen saia zaiteztela aholkatzen dizuet, beldurrik gabe, mesfidantzarik gabe. Gero, zeuen eginbeharrak edo familiakoak betetzean, erabil itzazue zuzenki bidezkoak diren giza baliabideak, Jainkoaren, Elizaren, etxekoen, zuen eginkizun profesionalaren, zuen herriaren eta gizadi osoaren zerbitzuan pentsatuz. Jakin ezazue garrantzitsuena ez dela zerbaiten jabe izatea edo beste zerbaiten gabezia sentitzea, baizik eta gure kristau fedeak erakusten digun egiaren arabera jardutea: munduko ondasunak baliabideak besterik ez dira. Beraz, aldendu ezazue behin betikoak bezala hartzeak suposatzen duen amets-irudia: ez pilatu mundu honetan zeuen aberastasunak, sitsak eta herdoilak jaten baitituzte hemen, eta lapurrek zuloak egin eta ostu egiten dituzte. Pilatu zeruan zeuen aberastasunak, han ez baititu ez sitsak, ez herdoilak jaten, ezta lapurrek zuloak egiten eta osten ere. Zeren, zure aberastasuna non, zure bihotza han19.
Norbaitek bere zoriona hemen, beheko gauzetan bakarrik jartzen duenean –egundoko zorigaitzen lekuko izan naiz–, haien bidezko erabilera galbideratzen du eta Egileak zuhurki erabakitako ordena galtzen. Orduan bihotza goibel eta ase gabe geratzen da; betiko nahigabe bideetan sartu eta dagoeneko esklabo bihurtzen da lurrean, agian ahalegin eta uko egite kontaezinez lortutako ondasun horien biktima delarik. Baina, batez ere, gomendatzen dizuet ez dezazuela ahatz Jainkoa ez dela sartzen, ez dela bizi maitasun zakar, hutsal, eragabeak lokaztutako bihotz batean. Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan20. Tinka dezagun, bada, bihotza zoriontsu egin gaitzakeen maitasunean… Zeruko ondasunak irrika ditzagun21.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/118/ (2026-11-07)