121
Normaltasunez –gure parekoen gisa– eta naturaz gaindiko zentzuz jardunez, Jesu Kristoren –egiazko Gizon, egiazko Jainko– ereduari jarraitu baizik ez dugu egiten. Begira, bere bizitza osoa naturaltasunez beterik dago. Sei bosturteko isilean eraman ditu, deigarri gertatu gabe, beste edozein langile bezala, eta arotzaren semea bezala ezagutzen dute bere herrixkan. Bere ageriko bizitzan zehar ere, ez da ikusten desitxuratzen duen gauza bitxi edo arrarorik. Lagunez inguratzen zen, beste edozein herritar bezala, eta bere itxuran ere ez zen haiengandik bereizten. Horregatik Judasek, nor zen adieraztearren, seinale bat hitzartu behar izan zuen: nik musu emango diodana, horixe da23: Jesusengan ez zegoen adierazgarri bitxirik. Ni hunkitu egiten nau Maisuaren jokaera arau horrek, izan ere beste bat bezala pasatzen da gizakien artean.
Joan Bataiatzailea –dei berezi bati jarraituz– gamelu larruzko jantzia zeraman, eta langosta eta baseztia zuen janari. Salbatzaileak pieza bakarreko tunika erabiltzen zuen, besteek bezala jan eta edaten zuen, pozez betetzen zen besteen zorionarekin, lagun hurkoaren nahigabeak hunkitu egiten zuen, ez zion uko egiten adiskideek eskaintzen zioten atsedenari, eta ez zegoen inor ez zekienik, urte askotan zehar, Jose arotzaren ondoan, eskulanean irabazi zuela bizibidea. Horrela jardun behar dugu guk mundu honen erdian: gure Jauna bezala. Hitz gutxitan esango dizut, arropa garbiarekin jantzita joan behar dugula, gorputza garbi eta, batez ere, arima garbi.
Baita ere –zergatik ez igarri–, lurreko ondasunei lotuta ez egote zoragarri hori erakusten duen Jauna, aldi berean benetan arduratzen da ondasun horiek alferrik gal ez daitezen. Bost mila gizon baino gehiago asebete zituen ogi ugalketa mirari haren ondoren, agindu zien Jesusek ikasleei: bil itzazue hondarrak, ezer gal ez dadin. Bildu zituzten, bada, eta hamabi saski bete zituzten24. Gertakizun hori arretaz ausnartzen baduzue, ez duzuela inoiz xuhurrak izan behar ikasiko duzue, baizik eta Jainkoak emango dizkizuen talentu eta baliabide materialen administratzaile onak.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/121/ (2026-11-07)