125
Eguneroko bizitzan geure burua behartu behar dugu, arazo faltsuak edo behar artifizialak asma ez ditzagun, azken finean harrokeriak, apetak edo espiritu patxadazale eta nagi batek sortuak. Pauso arinez joan behar dugu Jainkoarengana, martxa oztopatzen duten pisu eta eragozpenik gabe. Hain zuzen ere, pobretasun espiritua ezer ez edukitzean ez dagoenez, baizik eta benetan ezeri lotuta ez egotean, erne egon behar dugu ez gaitezen ezinbesteko ametsezko arrazoiekin engaina. Bila ezazue beharrezkoa; bila ezazue nahikoa dena. Eta ez ezazue gehiago nahi. Hortik aurrerakoak estutu egiten du, ez arindu; altxa beharrean zapaldu egiten du29.
Aholku hauek ematera jaistean, ez naiz egoera bitxi, anormal edo korapilatsuetan oinarritzen. Ezagutzen dut norbait liburuetan, seinale bezala, papertxo batzuk erabiltzen zituena, non otoitz laburrak idazten zituen, bere burua Jainkoaren presentzian mantentzeko lagungarri zitzaizkionak. Eta altxor hura maitasunez gordetzeko gogoa sortu zitzaion, ezerezko paper puska haiei atxikitzen ari zitzaiela konturatu zen arte. Ikusi zer nolako bertute eredu! Ez litzaidake inportako nire miseria guztiak zuei azaltzea zerbaiterako balioko balitzaizue. Pixka bat azaldu dizuet, agian zuri ere horrelako zerbait gertatzen zaizulakoan: zure liburuak, zure arropa, zure mahaia, zure… kinkila-dendako idoloak.
Horrelako kasuetan, zuen arima zuzendariari galdetzea aholkatzen dizuet, haurkeriarik eta eskrupulorik gabe. Batzuetan aski izango da, erremedio bezala, bolada labur batean zehar, zerbait erabiltzeari uztea, mortifikazio gisa. Edo, beste alor bat aipatuz, ez da ezer pasatzen egun batean ohiko garraiobidea ez baduzu hartzen eta haren balioa limosna bezala ematen baduzu, diru gutxi bada ere. Nolanahi, desatxikimendu espiritua baduzu, etengabe aurkituko dituzu espiritu hori gauzatzeko aukerak, zentzuzkoak eta eraginkorrak.
Nire arima zuei zabaldu ondoren, aitortu behar dizuet ere badudala inoiz uko egin nahi ez niokeen atxikimendu bat: zuek benetan beti maitatzea. Maisurik onenarengandik ikasia dut eta zintzo-zintzo jarraitu nahi nioke horretan, neurririk gabe arimak maitatuz, inguruan dauzkadanengandik hasita. Ez al zaituzte txundituta uzten Jesu Kristoren maitasun bizi horrek –kutuntasun horrek!–, Ebanjelariak ikasleetako bat izendatzeko erabiltzen duena?: quem diligebat Iesus30, Jesusek maite zuen hura?
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/125/ (2026-11-07)