206

Hemen, Jainkoaren aurrean, sagrariotik buru egiten digularik –nola indartzen duen Jesusen egiazko hurbiltasun horrek!–, Jainkoaren dohain leun horri buruz, itxaropenari buruz, egingo dugu gaur gure gogoeta; gure bihotzak pozez betetzen dituen horretaz, spe gaudentes3, pozez beterik, –leialak izaten bagara–, Maitasun azkengabeak itxaroten baikaitu.

Ez dezagun ahaztu inoiz guztiontzat –beraz, gutako bakoitzarentzat– mundu honetan egoteko bi modu bakarrik daudela: jainkozko bizitza eramanez, Jainkoari atsegin emateko borrokatuz; edo animalien bizitza, gizatasunez gutxi gorabehera apainduta, Bera alde batera uzten denean. Inoiz ez diet pisu handiegirik eman sinestun ez izateaz harro agertzen diren santoi horiei: zinez maite ditut, nire senide diren gizaki guztiak bezala; haien borondate ona miresten dut, zenbait alderditik begiratuz heroitasunez beteta ager daitekeena, baina errukitzen natzaie, beren zoritxar handiarengatik, Jainkoaren argia eta beroa, eta itxaropen teologalak ematen duen esanezinezko poza falta baitzaie.

Kristau zintzoa, bere sinesmenarekin ados bizi dena, Jainkoari begira jarduten da, naturaz gaindiko ikuspegiz; mundu honetan lan egiten du eta mundu hori biziki maite du, lurreko zereginetan sartuta, begirada Zeruan duela. San Paulok baieztatzen digu: quæ sursum sunt quærite; bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo Jainkoaren eskuinaldean eseria; jarri zeuen gogoa goiko gauzetan, ez lurrekoetan. Hilik baitzaudete –mundutarkeriari, Bataioaren bidez–, eta egiazko zuen bizia Kristorekin dago Jainkoarengan gordeta4.

Oharrak
3

Erm XII, 12.

4

Kol III, 1-3.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean