207
Lurreko itxaropenak eta kristau itxaropena
Askoren ahotik kadentzia aspergarri batez sortzen da hain erabilia den lelo hau: itxaropena da azkenik galtzen dena. Itxaropena korapilorik gabe, kontzientzia kezkarik gabe ibiltzeko euskarria izango balitz bezala; edota jokabidearen bidezko zuzenketa, xede nobleak iristeko borroka, eta batez ere gure helburu nagusia, Jainkoarekin bat egitea, sine die luzatzea uzten duen baliabide bat.
Itxaropena erosotasunarekin nahasteko bidea dela hori, esango nuke nik. Funtsean, ez dago egiazko ongia, bidezkoa, lortzeko gogo bizirik, ez espirituala, ez materiala. Batzuen helburu gorenena erdipurdiko bizitza baten lasaitasuna –itxurazkoa– alda dezakeena saihestera mugatzen da. Arima beldurti, uzkur eta nagi batekin, gizakia berekoikeria burutsuz betetzen da eta aski izaten du egunak, urteak sine spe nec metu pasatzearekin, ahaleginik eskatzen duen helbururik gabe, borrokaren larritasunik gabe: mespretxuen eta malkoen arriskua saihestea da inporta zaiona. Zein urruti dagoen zerbait lortzetik, lortzeko gogoa galdu bada, eskuratzeak eskatzen duenaren beldurrez!
Ez da falta izaten ere itxaropenarekin poesia erraza osatzen dutenen azaleko jarrera –baita kultura itxurati baten edo zientziaren antzarekin ere–. Beren intimitateari benetan aurre egiteko eta ongia aukeratzeko gauza ez direnez, ilusio batera murrizten dute itxaropena, amets utopiko batera, aringarri soil batera bizitza neketsu baten saminen aurrean. Horientzat, itxaropena –sasi itxaropena!– ezertara ez daraman azaleko arinkeria bihurtzen da.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/207/ (2026-11-07)