220

Begiak zerurantz

Haz gaitezen Itxaropenean eta horrela fedean sendotuko gara, fedea itxaroten dena lortzeko segurtasuna baita eta edukitzen ez diren gauzez konbentzitua egotea30. Bertute honetan haz gaitezen, Jaunari bere maitasuna gugan gehi dezala erregutzea baita hori, indar guztiekin maitatzen diren gauzetan bakarrik jartzen baita benetako konfiantza. Eta benetan merezi du Jauna maitatzea. Nik bezala ikusi duzue nola maiteminduak ziurtasun osoz bere burua eskaintzen duen, sintonia zoragarri batez, bihotzak maitasun berean taupadaka daudela. Eta zer izango da Jainkoaren maitasuna? Ez al dakizue gutako bakoitzarengatik hil dela Kristo? Bai, gure bihotz behartsu eta kaxkar honengatik burutu da Jesusen opari salbatzailea.

Maiz mintzo izan zaigu Jauna bere Heriotza eta Pizkundearekin irabazi digun sariaz. Orain zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten31. Zerua da lurreko bidearen helmuga, Jesu Kristo gure aurretik joan da, eta han Ama Birjina eta San Jose –hainbeste beneratzen dut hau–, Aingeru eta Santuekin batera, gu iritsi gaitezen zain dago.

Inoiz ez dira falta izan –baita apostoluen denboran ere– kristauei itxaropena kendu nahi izan dieten heretikoak. Kristo hilen artetik biztua dela hots egiten bada, nola esaten dute zuetako batzuek hilak ez direla pizten? Hilak pizten ez badira, Kristo ere ez dago pizturik. Eta Kristo pizturik ez badago, funtsik gabea da gure predikua eta zentzurik gabea zuen sinesmena...32. Gure bidearen jainkotasunak –Jesus bidea, egia eta bizia33– betiereko zoriontasunean bukatzen dela bermatzen du, Berarengandik aldentzen ez bagara.

Oharrak
30

Heb XI, 1.

31

Jn XIV, 2-3.

32

1 Ko XV, 12-14.

33

Ik. Jn XIV, 6.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean