219
Jainko seme-alaben borroka hau ez dago uko egite tristeei, etsipen ilunei ezta alaitasun faltari lotuta: maiteminduaren erantzuna da; lanean eta atsedenean, pozik dagoenean eta sufritzen duenean, bere maitearengan dauka burua, eta harengatik atseginez aurre egiten die arazo ezberdinei. Gure kasuan, gainera, –berriro diot– Jainkoak borrokak galtzen ez dituenez, gu, Berarekin, garaile deituko gara. Esperientzia hau dut: Haren deiei zintzo egokitzen banaiz, larre guritan etzanarazten nau, ur baretara eramaten, eta indarrak berritzen; bide egokitik narama lehiala delako. Ibar beltz-ilunetan banabil ere, ez dut inolako gaitzen beldurrik, zu nirekin baitzaude. Zure artzain makilak lasaitzen nau27.
Arimaren borroketan askotan denborarekin kontatu behar da, erremedio egokia jarri, pazientziaz, setati izanez. Areagotu itzazue itxaropen ekintzak. Porrotak jasango dituzuela oroitarazten dizuet edota gorabeherak izango zuen barne-bizitzan –antzemanezinak izan daitezela nahi dezala Jainkoak– inor ez baita libratzen ezbehar horietaz. Baina ahalguztidun eta errukiorra denez, Jaunak baliabide egokiak eman dizkigu garaile irteteko. Lehen esan dizuedan bezala, aski dugu haiek erabiltzea, behin eta berriz hasteko erabakia hartuz une bakoitzean, beharrezkoa izango balitz.
Joan zaitezte astero –eta behar duzuen guztietan, eskrupuluei lekurik egin gabe– Aitortzako Sakramentura, jainkozko barkamenaren sakramentura. Graziaz jantzirik, mendiak zeharkatuko ditugu28 eta kristau eginbeharraren aldapa igoko dugu, gelditu gabe. Baliabide hauek erabiliz, borondate onez, eta egunetik egunera itxaropen handiagoa eman diezagula Jaunari eskatuz, Jainko seme-alabak direla dakitenen poz kutsakorra izango dugu: Jainkoa gure alde baldin badugu, nor gure aurka?29. Beraz, izan baikor. Itxaropenaren indarrak eraginda, gorrotoaren ereileek hedatzen duten arrasto itsaskorra ezabatzen saiatuko gara eta ikuspegi pozgarri batez ikusiko dugu berriro mundua, ederra eta garbia sortu baita Jainkoaren eskuetatik, eta hura bezain eder itzuliko diogu, damutzen ikasten badugu.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/219/ (2026-11-07)