208

Baina pertsona beldurti eta azalekoak asko badira ere, gure lurralde honetan gizaki zuzen askok, asmo jator batek bultzaturik –nahiz eta naturaz gaindiko arrazoirik gabe, filantropiaz– mota guztietako gabeziei aurre egiten diete eta bihotz zabalez besteen zerbitzuan dihardute, sufrimenduetan edo zailtasunetan lagunduz. Asmo garbi baten alde erabakitasunez lan egiten duenaren irmotasuna errespetatzera eta baita mirestera ere mugitua sentitzen naiz beti. Hala ere, uste dut nire betebeharra dela gogoratzea, hemen hasten dugun guztia, enpresa gurea bakarrik bada, iraungipenaren ezaugarriarekin sortua dela. Hausnar itzazue Eskriturako hitzak: Begiratu nien, ordea, neure eskuz eginiko lanei eta horretarako eraman izan behar nituen nekeei. Eta horra, dena huskeria da, haizea atzeman nahi izatea bezala; ez dago onurarik eguzkipean5.

Urritasun horrek ez du, ordea, itxaropena itotzen. Aldiz, txikitasunak eta kontingentzia aitortzen ditugunean, lan hori benetako itxaropenera zabaltzen da, eta itxaropenak giza eginkizun guztiak goratzen ditu, Jainkoarekin topo egiteko leku bihurtuz. Eta horrela, lan hori etsipenaren ilunpea aldentzen duen argi iraunkorrez argitzen da. Baina aldi baterako proiektuak erabateko helburu bihurtzen baditugu, betiereko bizilekua eta sortuak izan garenean ezarri zaigun helburua ezabatuz –Jauna maitatzea eta gorestea eta gero Zeruan Beraz gozatzea– ahalegin distiratsuenak traizio bihurtzen dira, eta baita gizakiak gaiztotzeko bide ere. Gogoan izan S. Agustinen zinezko oihu famatu hura –Jauna ezagutu zuen arte eta zoriontasuna Jainkoagandik kanpo bilatzen zuenean hainbeste samintasun jasan baitzituen–: Zuretzat sortu gintuzuen, Jauna, eta larri dago gure bihotza Zugan atseden hartu arte!6. Baliteke zoritxar handiagorik ez izatea gizakien bizitzan itxaropenaren usteltzeak edota faltsutzeak sortutako iruzurrak jasatea baino, itxaropena ase gabe asetzen duen Maitasuna helburutzat ez duen ikuspuntutik aurkezten denez gero.

Niri, eta zuei ere gauza bera gertatzea opa dizuet, Jainkoaren seme naizela sentitzearen –jakitearen– ziurtasunak benetako itxaropenez betetzen nau; eta itxaropena naturaz gaindiko bertute denez, gizakiengan gure izaerara egokitzen da eta erabateko giza bertutea da ere. Pozez beterik nago iritsiko dugun Zeruaren ziurtasunagatik, azkeneraino zintzo irauten badugu; iritsiko zaigun zorionagatik, quoniam bonus7, ona baita nire Jainkoa eta azkengabea haren errukia. Uste sendo honek ulertarazten dit Jainkoaren aztarnaz markatua dagoenak bakarrik agertzen duela betieraren seinale ezabaezina, eta haren balioa iraganezina da. Beraz, itxaropenak ez nau mundu honetako gauzetatik bereizten, baizik eta era berri batez, kristau eraz, hurbiltzen nau, gauza guztietan izaera eroriaren eta Jainko Kreatzaile eta Salbatzailearen arteko harremanak bilatu nahiez.

Oharrak
5

Koh II, 11.

6

S. Agustin, Confessiones, 1, 1, 1 (PL 32,661).

7

Sal CV, 1.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean