211

Gauden lekuan gaudela, Jaunak esaten digu: zaude erne! Jainkoaren eskaera horren aurrean, santutasun gogoa itxaropenez susta dezagun, egintzekin batera. Emadazu, seme, zure bihotza12 xuxurlatzen digu. Ez ibili gazteluak eraikitzen zure baitan, ireki behingoz zure bihotza Jainkoari, Jaunagan bakarrik aurkituko baituzu zure itxaropenaren egiazko oinarria, baita besteei on egitekoa. Nork bere buruaren aurka borrokatzen ez duenean, gure barne-gotorlekuan dauden etsaiei erabat uko egiten ez diegunean –harrokeria, inbidia, haragi grina eta begien zalekeria, harropuzkeria, lotsagabetasunaren grina zoroa–, barne-borroka hori falta denean, asmo jatorrenak ihartzen dira belarlorea bezalaxe, eguzkia atera eta sargoriak jotzean, zimeldu egiten da belarra, erori lorea, eta kito haren itxura ederra13. Gero, zirrikiturik txikienean, etsipena eta tristura sortuko dira, landare kaltegile eta inbaditzaile baten gisa.

Jesus ez da baietz zalantzati batekin konformatzen. Nahi du eta gainera eskubidea du irmo ibil gaitezen, zailtasunen aurrean amore eman gabe. Pauso sendo eta zehatzak eskatzen ditu; izan ere, asmo orokorrak gehienetan ezer gutxirako balio baitute. Hain gutxi zehaztutako asmo horiek ilusio faltsuak iruditzen zaizkit, bihotzak antzematen dituen Jainko deiak isilarazten saiatzen direnak; argi-txakurrak, ez dute erretzen ez berorik ematen, eta sortu diren abiadura berarekin desagertzen dira.

Horregatik, sinetsiko dut egiazkoak direla helburua iristeko dituzun asmoak, erabakita joaten ikusten bazaitut. Egizu ongia, une bakoitzeko eginkizunen aurrean zure jarrera normalak berraztertuz; praktikatu justizia, hain zuzen ere, ohiko duzun giroan, nahiz eta nekeak jota uzten bazaitu; susta ezazu ingurukoen zoriona, zure lantokian besteak alaitasunez zerbitzatuz, lana ahal bezain ongi bukatzen saiatuz, bihozberatasunez, irribarrez, kristau jarreraz. Eta dena Jainkoagatik, burua bere aintzan jarrita, gora begiratuz, behin-betiko Aberria irrikatuz, helburu horrek bakarrik merezi baitu.

Oharrak
12

Es XXIII, 26.

13

St 1, 10-11.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean