217
Borrokaren garrantzia
Jakinaren gainean jarri behar zaituztet Satanek –horrek inoiz ez du oporraldirik hartzen!– guri bakea kentzeko erabili ohi duen azpijoko bati buruz. Agian, noizbait, zalantzatxo bat sortzen zaigu, era penagarrian atzera goazela edo gutxi aurreratzen dugula pentsatzeko tentazioa; baita beste burutapen honek ere indarra hartzen du: nahiz eta hobetzen saiatzen garen, okerrera goazela. Benetan diotsuet, gehienetan iritzi ezkor horrek irudipen oker bat azaltzen du, baztertzea komeni den engainu bat. Kasu horietan gertatzen dena da arima arretatsuago bihurtzen dela, kontzientzia fintzen dela eta maitasuna zorrozten; edota graziaren eraginak gehiago argitzen duela eta ilunpean ikusiko ez liratekeen xehetasunak begi bistan jartzen zaizkigula. Dena dela, arretaz aztertu behar ditugu kezka horiek, Jaunak, bere argiaren bidez, umiltasun edo eskuzabaltasun handiagoa eskatzen baitigu. Oroit zaitezte Jainkoaren Probidentziak etenaldirik gabe gidatzen gaituela eta ez duela bere laguntza urritzen –mirari handi eta mirari txikien bidez– bere seme-alabak aurrera ateratzeko.
Militia est vita hominis super terram, et sicut dies mercenarii, dies eius25, milizia da gizakiaren bizitza lurrean eta lanaren pisuarekin pasatzen dira haren egunak. Inork ez du agindu horretatik ihes egiterik; ezta hori jakiteari uko egiten dioten patxada zaleek ere: Kristoren milizia utzi eta beste borroka batzuetan saiatzen dira beren nagikeria, beren handikeria edo beren gurari zekenak asetzearren; beren apeten morroi bezala ibiltzen dira.
Borroka gizakiari berez dagokion gauza baldin bada, saia gaitezen gure betebeharrak nekatu gabe betetzen, borondate onez otoitz eta lan eginez, asmo zuzenez, Jainkoak nahi duenera begira. Horrela asebeteko dira gure Maitasun irrikak eta santutasunaren bidean aurreratuko dugu, gelditzen zaigun bidea oraindik luzea dela konturatzen bagara ere eguna amaitzean.
Berritu ezazue goizero serviam! sendo baten bidez –Jauna, zerbitzatuko zaitut!– amore ez emateko asmoa, alferkerian edo nagikerian ez erortzekoa, eginbeharrei itxaropen handiagoaz aurre egitekoa, baikortasun gehiagoz, jakinez borrokaldi batean garaituak irteten bagara, benetako maitasun egintza batez gainditu dezakegula hutsune hura.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/217/ (2026-11-07)