216

Nahas zaitezte maiz Itun Berriko pertsonaien artean. Dasta itzazue gertaera hunkigarri haiek, non Maisua jainkozko eta giza jokaeraz jarduten den, edota giza eta jainkozko esamoldez barkamenaren historia ezin ederragoa azaltzen duen, bere seme-alabenganako Maitasun etengabearena. Zeruaren irudi horiek orain ere berritzen dira, Ebanjelioaren betiko gaurkotasunean: Jainkoaren babesa nabaritzen da, eskuekin ukitzen dela esan daiteke; indarrean irabazten duen babesa, estropezuak baditugu ere, aurrera goazenean, behin eta berriz hasten garenean, horixe baita barne-bizitza, itxaropena Jainkoarengan jarrita bizi garenean.

Barneko eta kanpoko eragozpen horiek gainditzeko gogorik gabe, ez zaigu saria emango. Atletari ere ez diote saririk emango, legeen arabera lehiatzen ez bada21 eta borroka ez litzateke egiazkoa izango, borrokan aurkaririk ez balego. Beraz, aurkaririk ez badago, ez da ere koroarik izango; ezin baita garailerik izan garaiturik ez dagoen lekuan22.

Bihozgabetu ordez, eragozpenak pizgarri izan behar dute kristau bezala hazteko: borroka horretan santu egiten gara eta gure apostolutza lana eragingarriagoa bihurtzen da. Gure gogoetan, Jesu Kristo – Oliamendiko Baratzean eta gero Gurutzeko utzieran eta erdeinuan– Aitaren nahia onartuz eta maitatuz gogoratzen dugunean, Nekaldiaren pisu izugarria sentitzen zuen bitartean , argi ikusi behar dugu Kristori jarraitzeko, bere ikasle onak izateko, beharrezkoa dugula haren aholkua onartzea: nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat23. Horregatik atsegin zait Jesusi eskatzea niretzat: Jauna, gurutzerik gabeko egunik ez! Horrela, Jaunaren graziaz, gure izaera sendotu egingo da eta Jainkoarentzat euskarri izango gara, gure miserien gainetik.

Uler ezazu: paretan iltze bat sartzean, erresistentziarik aurkituko ez bazenu, zer jarri ahal izango zenuke han zintzilik? Sendotzen ez bagara geure buruari uko eginez, Jaunaren laguntzarekin, ez gara helduko Jaunaren tresna izatera. Alderantziz, nahigabeak alaitasunez hartzea erabakitzen badugu, Jainkoaren maitasunagatik, gauza zail eta ezatsegin, gogor eta deserosoen aurrean, ez zaigu zaila izango Santiago eta Joan Apostoluekin oihu egitea: Bai, gauza gara!24

Oharrak
21

2 Tm II, 5.

22

S. Gregorio Nisakoa, De perfecta christiani forma (PG 46, 286).

23

Mt XVI, 24.

24

Mk X, 39.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean