215
Jainkoa ez da barkatzeaz nekatzen
Eskritura Santuak ohartarazten du, zintzoa ere zazpi aldiz erortzen dela19. Hitz hauek irakurri ditudan bakoitzean, maitasun eta damu zirrara gogor batek astindu dit arima. Berriz ere Jauna gure bila dator, jainkozko ohar horren bidez, inoiz amaitzen ez diren erruki, samurtasun eta bihozberatasunaz hitz egitera. Egon zaitezte ziur: Jainkoak ez ditu gure ahultasunak nahi, baina ezagutzen ditu, eta, hain zuzen ere, ahultasun horiek gogoan ditu santu egin gaitezen.
Maitasun zirrara bat esaten nizuen. Nire bizitzari begiratu eta, benetan, ez naizela ezer, ez dudala ezer balio, ezer ez dudala, ezer ezin dudala ikusten dut; areago: hutsa naizela!, baina Bera osotasuna da, eta aldi berean, Bera nirea da, eta ni harena, ez baitit uko egiten, eta niregatik eman baitu bere burua. Ikusi al duzue maitasun handiagorik?
Eta damu zirrara bat, nire jokabideri begiratu eta harrituta gelditzen naizelako nire hainbeste zabarkerien aurrean. Aski dut egun honetan zutik daramatzadan ordu gutxi hauek aztertzea, hainbeste maitasun falta eta erantzun zintzoren eza aurkitzeko. Nire jokaera honek benetan nahigabetzen nau, baina ez dit bakea kentzen. Jainkoaren aurrean makurtzen naiz eta nire egoera argi eta garbi azaltzen diot. Berehala jasotzen dut bere laguntzaren ziurtasuna eta bihotzaren hondoan entzuten dut Berak errepikatzen didala astiro: meus es tu!20; banekien –eta badakit– nolakoa zaren, aurrera!
Ezin da beste moduz batez izan. Beti Jaunaren aurrean jartzera bagoaz, gure konfiantza gero eta handiagoa izango da, bere Maitasuna eta bere deia gaur egun ere badirautela egiaztatzean. Jainkoa ez da nekatzen gu maitatzeaz. Itxaropenak erakusten digu Bera gabe betebeharrik txikiena ere ezin dugula egin; eta Berarekin, bere graziarekin, gure zauriak orbainduko dira; bere sendotasunaz jantziko gara etsaiaren erasoei aurre egiteko eta hobetu egingo gara. Laburbilduz: botijozko buztinaz eginak gaudela jakiteak Kristo Jesusengan gure itxaropena baieztatzeko balio behar digu batez ere.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/215/ (2026-11-07)