212

Dena ahal dut

Borrokatzen ez baduzu, ez gero esan niri Kristorekin bat etortzen, Bera ezagutzen eta maitatzen saiatzen zarenik. Kristori jarraitzeko, Jainko seme-alabak bezala jarduteko erregebidea hartzen dugunean, ez zaigu ezkutatzen zain daukaguna: Gurutze Santua; Jaunarekin bat egiteko gure itxaropena oinarritzen den erdigune gisa ikusi behar duguna.

Aurreratzen dizut programa hau ez dela enpresa erosoa: Jaunak dioen bezala bizitzeak ahalegintzea eskatzen duela. Jesusen borondatea betetzeko Apostoluak banan-banan aipatzen dituen gorabeheren eta sufrimenduen zerrenda irakurtzen dizuet: Juduen eskuetatik bost aldiz hogeita hemeretzi zigorkada hartua naiz. Hiru aldiz makilakatua, behin harrikatua. Hiru aldiz hondoratu zen ninderaman itsasontzia eta gau-egun osoa eman nuen itsasoan urperaturik. Zenbat ibilaldi oinez eta zenbat arrisku! Arriskuak ibaietan, arriskuak bidelapurren aldetik, arriskuak neure herrikoen aldetik, arriskuak jentilen aldetik, arriskuak hirietan, arriskuak basamortuan, arriskuak itsasoan, arriskuak gezurrezko senideen artean. Zenbat neke eta lan! Gau asko lorik egin gabe; gose eta egarri; maiz ezer jan gabe, hotzak eta jantzirik gabe. Eta horien guztien gainetik eguneroko nire buru haustea: eliz elkarte guztien ardura14.

Jaunarekin ditugun solasaldi hauetan, mugitzen garen errealitatera mugatzea gustatzen zait, teoriarik asmatu gabe eta uko egite handiekin, heroitasunekin amets egin gabe, ez baitira ematen gehienetan. Denbora aprobetxatzeak du garrantzia, gure eskuetatik ihes egiten baitu, eta kristau irizpidez urrea baino gehiago da, gero emango zaigun aintzaren aurrerapena delako.

Ulertzen da gure egunean zehar ez ditugula aurkituko Sauloren bizitzan gurutzatu ziren hainbeste atsekabe ezta ere hain handiak. Guk aurkituko duguna da gure burukoikeriaren makurkeria, haragikeriaren atzaparkadak, alferrikako harrokeria barregarriaren zartadak eta beste amore emate anitz: hainbeste eta hainbeste ahultasun. Bihozgabetu? Ez. San Paulorekin batera, esan diezaiogun behin eta berriz Jaunari: pozik nabil Kristorengatik jasaten ditudan ahulezia, laido, beharrizan, erasoaldi eta estualdietan; ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu15.

Oharrak
14

2 Ko XI, 24-28.

15

2 Ko XII, 10.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean