22

Jainkoaren mendean uzten baduzu zure ontzia, Berari jabe izatea uzten badiozu, hau segurtasuna!..., baita aldentzen dela dirudienean, edota lokartzen dela, ardurarik ez duela, eta hodei beltzen artean ekaitza altxatzen bada ere. San Markosek dio egoera horretan zeudela Apostoluak; arraunketan ezinean ari zirela ikusirik –haizea kontra baitzuten– goiz aldera haiengana joan zen Jesus, ur gainean oinez... Lasai, neu naiz, ez beldurtu. Txalupara igo zitzaien eta haizea baretu egin zen27.

Semeok, hainbeste gauza gertatzen dira lurrean...! Arima askoren penak, nahigabeak, tratu txarrak, martirioak –ez diot letra bakar bat ere kentzen– baita heroitasuna konta diezazkizueket. Gure begien aurrean edo gure adimenean batzuetan Jesus lotan dagoela dirudi, ez digula entzuten; baina San Lukasek esaten digu nola jarduten den Jauna beretarrekin: ontziz zihoazela –ikasleak–, loak hartu zuen Jesus. Haize-ekaitz handi bat jaitsi zen ur gainera, ontzia urez betetzen ari zitzaien eta arriskuan zeuden. Ikasleek, Berarengana hurbildurik, esnarazi zuten, esanez: Maisu, galduak gara! Orduan jaikirik, agindu zion haizeari eta olatuei; berehala gelditu ziren eta barealdia sortu zen. Orduan esan zien ikasleei: non da zuen sinesmena?28.

Geure burua eskaintzen badiogu, Bera ematen zaigu. Erabateko konfiantza izan behar dugu Maisuarengan, bere eskuetan utzi dena zuhurkeriarik gabe; gure egintzen bidez, berea duela txalupa adierazi; zuzendu ditzala bere nahiera gureak ditugun gauza guztiak.

Ama Mariaren bitartekotzara joaz, erabaki hauekin amaitzera noa: sinesmenez bizi; itxaropenez iraun; Jesu Kristori itsatsita egon beti, Bera bene-benetan maitatu; gure Maitasun abenturaren bidea ahogozatuz egin, Jainkoaz maiteminduak baikaude; Kristo gure txalupa gaixoan sartzen utzi, Jaun eta Jabe bezala, gure arima har dezan; beti, gau eta egun, bere aurrean egoten ahaleginduko garela benetan esan, Berak sinesmenera deitu baikaitu: ecce ego quia vocasti me!29, eta bere artegira gatoz, Artzain Onaren ahots eta txistuek erakarrita, jakinez bere itzalpean bakarrik aurkituko dugula denborazko eta betiereko egiazko zoriona.

Oharrak
27

Mk VI, 48, 50-51.

28

Lk VIII, 23-25.

29

1 Erg III, 9.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean