241
Begira diezaiogun orain haren Ama dohatsuari, gure Amari. Kalbarioan, urkamendiaren ondoan, otoitz egiten du. Ez da hau Mariaren jarrera berri bat. Horrela jardun izan da beti, bere eginbeharrak betez, bere etxeaz arduratuz. Lurreko gauzetan ari zen bitartean, Jainkoari begira mantentzen zen. Kristok, perfectus Deus, perfectus homo8 denak, nahi izan zuen bere Amak, izaki bikainenak, graziaz beteak, gure begiak Jainkoaren maitasunera altxatzeko gogoa sendotu ziezagula. Gogora ezazue Deikundearen pasartea: jaisten da Goiaingerua, Jainkoaren mezua agertzera –Jainkoaren Ama izango zela iragarriz– eta otoitzean barnebilduta aurkitu zuen. Maria Jainkoagan guztiz jasota dago San Gabrielek agurtzen duenean: Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna da zurekin9. Handik egun batzuetara, pozez leher eginda, Magnificat ahoskatzen du – Lukasen leialtasun finaz baliaturik, Espiritu Santuak igorri digun Mariaren kantu hori–, Ama Birjina Santuak Jainkoarekin duen ohiko tratuaren fruitu.
Gure Amak luzaro gogartu ditu Salbatzailearen zain zeuden Itun Zaharreko gizon eta emakume santuen hitzak eta haiek bizi izan zituzten gertakariak. Mirari haiek guztiak eta Jainkoaren erruki oparoa bere herriaren alde –hain esker txarrekoa hainbat aldiz– miretsi ditu. Etengabe berritutako Zeruaren samurtasun hau gogartuz, bere Bihotz guztiz garbitik maitasunez betetako hitz hauek sortzen dira: Jaunaren handitasuna goresten dut, pozaren pozaz daukat barrena, Jainkoa baitut Salbatzaile; bere mirabe ezerez honengan jarri ditu begiak10. Ama on honen seme-alabek, lehen kristauek, Harengandik ikasi dute et guk ere ikas dezakegu eta ikasi behar dugu.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/241/ (2026-11-08)